Politika -
Sindikatu ultrtaeskuindarra
Manos Limpias sindikatuak dio 'satorrak' dituela Ertzaintzan
Manos Limpias sindikatuko idazkari nagusiak gaineratu du infiltratuak dituela "hainbat alderdi politiko eta Kataluniako Asanblea Nazionalean", besteak beste.
Erredakzioa
Miguel Bernad Manos Limpias sindikatuko idazkari nagusiak ziurtatu du satorrak dituela "alderdi politikoen, Kataluniako Asanblea Nazionalaren (ANC), Omnium Culturalen, CDC alderdiko Nous Catalans Fundazioaren edota Reagrupament elkartearen barruan". Horiez gain, Ertzaintzaren barruan infiltratuak dituztela adierazi du.
Kataluniako 'Ara' egunkariari eginiko adierazpenetan, adierazi du bazkide edo militante egindako "bolondresez" baliatzen direla aipatutako alderdi eta elkarteetara sartzeko. Infiltratu horiek aktiboki hartzen dute parte elkarte horietan, eta lortutako informazioa sindikatuari bidaltzen diote.
Bernadek aipatu du pertsona horiek erabakitze nukleoen inguruan izaten direla, eta ziurtatu du Kataluniako Asanblea Nazionalaren (ANC) kasuan "hiruzpalau pertsona" dituztela.
“Ez dago etsai txarragorik etxean dagoena baino”
Idazkari nagusiak azaldu duenez, badituzte infiltraturiko agenteak Ertzaintzaren eta Kataluniako Mossos d'Esquadra polizia taldeen barruan, eta gaineratu du bestelako indar polizialek ere badituztela beren satorrak bi polizia talde horietan.
Praktika horiek zaharrak direla azaldu du Bernadek, eta beren sindikatu barruan horrelakorik gerta ez dadin saiatzen direla, “izan ere, ez dago etsai txarragorik norberaren etxean dagoena baino”.