Politika -

Espetxe politika

Urkullu: 'ETAren estrategiatik urruntzea nahi dute preso askok'

Lehendakariak Espainiako Gobernuaren kartzela politika kritikatu du, eta, politika horren aitzakian, "biktimismoan" aritzea egotzi dio ezker abertzaleari.

Preso askok ETArekiko loturak hautsi nahi dituztela uste du Urkulluk

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak uste du preso askok ETA erakundeak ezarritako estrategiatik urruntzea eta "loturak askatzea" nahi dutela, espetxe onurak lortzeko.

Efe albiste-agentziari eskaini dion elkarrizketan, lehendakariak Espainiako Gobernuaren kartzela politika kritikatu du, ez duelako "ahalbidetzen presoek talde armatutik aldentzea". Urkulluk uste du egungo kartzela politikak ez duela errazten presoek Langraiz Bidea bezalako aukerei eustea. "Ziur naiz preso askok eta askok eman nahi dutela pauso hori, erakundearekin dituzten barne-loturak askatu nahi dituztela eta ez dutela ETAk ezarritako estrategiaren arabera aritu nahi, ez eta ezker abertzalearen mesedetan ere", esan du. Espetxe politikaren aitzakian "biktimismoan" aritzea egotzi dio ezker abertzaleari.

Hain zuzen, mezu hori igorri nahi dio lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, harekin biltzeko eskatuta duen hitzorduan.

Espetxe politikaren transferentzia eskatu du lehendakariak, besteak beste, Langraiz Bidea bezalako aukerak "berpizteko"; presoek talde armatua atzean uztea eta biktimei barkamena eskatzea lehentasuntzat jo ditu Urkulluk. Bide horretan, Ibon Etxezarreta damututako presoaren kasua gogorarazi du. Joan den hilean Etxezarretak barkamena eskatu zuen Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoaren hilketagatik. "Eredua dela uste dut, beste preso batzuek kontuan hartuko dutena", esan du. Dena dela, urrats horiek eman ahal izateko espetxe politika aldatzea beharrezkotzat jo du. Azken urteotan PPren gobernuak alor honetan "atzera egin" duela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu albisteak