Politika -
Hiru iniziatiba guztira
PSNk ekonomiari eta autogobernuari lotutako iniziatibak aurkeztu ditu
Neurri horiekin langabezia sorospena luzatu, ekinbide ekonomikoa bultzatu eta autogobernuarekin lotutako osoko bilkura bat bideratu nahi dute.
Erredakzioa
PSNk ekonomiarekin eta autogobernuarekin lotutako hiru ekimen parlamentario aurkeztu ditu. Hala jakinarazi du gaur Juan Jose Lizarbe PSN-PSOEko parlamentari foralak.
Lehenengo ekimenean, inolako diru iturririk ez duten eta behar familiarrak dituzten, zein sartze zailtasun zehatzak dituzten langabeei langabezia sorospena luzatzea eskatzen diote Espainiako Gobernuari.
Lizarbek adierazi duenez, talde sozialistak eskatu du laguntza hori "iraupenaren eta onuradun kopuruaren arabera" luzatzea. Izan ere, nahiz eta "ekonomikoki apurka hobera goazela ikusi", langabezian dagoenak eta sorospenik gabe geratu denak "ez du hobekuntzarik nabarituko".
Jakinarazi duenez, neurri horrek "langabe ugariri lagunduko lioke" eta Nafarroari ere "ondo" etorriko lioke. Izan ere, "pertsona horiek ez lukete gizarteratzeko errenta eskatu beharko, eta zuzenean Estatuko kutxetatik jasoko lukete behin behineko laguntza hori".
Lizarbek adierazi du neurri honekin UPNren babesa jasotzea espero duela, eta ez "Cospedal eta Barcinaren arteko itunarena".
Aurkeztu duten bigarren ekimenarekin ekinbidea bultzatu nahi dute, izapide administratiboak sinplifikatuz eta Nafarroako enpresa esportatzaileen ahalmena sustatuz; eta kanpoko inbertsioak erkidego foralera erakarriz.
Hirugarren iniziatiba Nafarroako autogobernuarekin lotuta dago. Uztailaren 22an bozeramaileen juntak adierazpen konstituzional bat onartu zuten, autogobernuaren defentsan eta Auzitegi Konstituzionalaren azkeneko sententziaren irizpideen kontra.
PSNk osoko bilkura monografiko bat irailaren hasieran egiteko eskatu dio parlamentuaren mahaiari. Horrekin batera, hura aurrera ateratzeko eta eztabaida "emankorra" izateko arauak onartzea eskatu du. Hala, Lizarbek Nafarroako gobernuko eta talde parlamentari guztiei apelatu die. Hala ere, Yolanda Barcinaren presidentzia "demokrazia hasi zenetik Nafarroako autogobernuaren kontrakoena" izan dela baieztatu du sozialistak.