Politika -
Biktimak
'Zintzotasunez ez jokatzea' leporatu dio PPk ezker abertzaleari
Ramon Gomez bozeramaile popularrak adierazi du Kortaren omenaldira joatean Barrenak egindako 'keinua' ez dela nahikoa.
Erredakzioa
Ramon Gomez Donostiako PPko bozeramaileak gaur adierazi du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak Joxe Mari Kortaren omenaldira joatean egindako "keinua" ez doala inora, gero ezker abertzaleak ez baditu Donostiako terrorismoaren biktimak omentzen.
Gomezek prentsaurreko batean salatu du Bilduren udal gobernuak ez duela apirilean bilkuran PPren, PSEren eta EAJren botoekin onartutako akordioa bete. Hitzartu zenaren arabera, Donostiako terrorismoaren biktimen memoriaren mapa sortu eta "103 errugabe" hil ziren lekuetan plakak jarri behar zituzten.
"Ez dugu Donostia hilerri bihurtu nahi", azaldu du, baina Gomezen ustez beharrezkoa da terrorismoaren biktimak oroitzea horrelako hiri batean. "Urbietan eta Alde Zaharreko beste kale batzuetan, zenbait plaka jarri beharko genituzte".
PPk 'zintzotasunez ez jokatzea' eta 'ongi gelditu' nahi izatea leporatu dio ezker abertzaleari. "Barrenak Kortaren egunean egindakoak bezalako keinuek ez dute balio. Egin behar dutena zera da, erratu egin zirela, hilketak bidegabeak izan zirela eta gaizkide izatea akatsa izan zela onartu.
"Ezkutuko keinuak eta hitz faltsuak" ez dira nahikoa Donostiako popularren bozeramailearentzat. Gainera, hiria hiru urtez "biktimen aldeko keinu bakar bat egiten ez duen eta ETAko presoen alde egiten duen alkate bat izatearen lotsa" pairatzen ari dela esan du.
PPk Juan Karlos Izagirre alkatearen agerraldia eskatuko du, bilkuran erabakitakoa betetzeko eskatzeko. "Ezker abertzaleak keinu bat egin nahi badu, hortxe du aukera".