Politika -
EA-ren kurtso hasiera
Urizar: 'Independentzia prozesua da demokraziaren bidea'
EAko idazkari nagusiak adierazi du euskal gizartearen bidea 'etorkizuna askatasun osoz aukeratzea' dela, eta PSOE eta PP 'ospea galtzen' ari direla esan du.
Erredakzioa
Pello Urizar Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusiak baikor agertu du Europan, Eskoziaren kasuari esker, independentzia prozesuak "ameskeria" izatetik "errealitate" bihurtzera igaro izanagatik, eta "euskal gizarteak jarraituko duen demokraziaren bidea" izango dela adierazi du.
EAren kurtso politikoaren hasiera ekitaldian egin ditu adierazpenak Urizarrek, Donostiako Miramar Jauregian. Bertan, Eskoziako eta Kataluniako kontsultetan gertatuko dena "oso garrantzitsua" izango dela azpimarratu du. "Bi gizarte horiek erabaki dute euren etorkizuna eurek nahi bezalakoa izango dela, eta ez Londonek edo Madrilek agindutakoa".
"Urte luzez esan digute, behin eta berriz, Europan independentzia prozesua ameskeria hutsa zela, baina orain eta hemen esan dezakegu errealitatea dela", zehaztu du Urizarrek, eta euskal gizartearen bidea "etorkizuna askatasunez erabakitzea" dela esan du, "aukeratu duen bidea" baita.
Ildo horretatik, independentzia "demokraziaren bidea" dela azpimarratu eta euskal gizartean "pausoz pauso eta herrialde osoa eta hiritar guztiak kontuan hartuz" egingo dela nabarmendu du, "eskubidea guztiona baita". "Gizarte demokratikoago bat izatea guztiontzat da onuragarria, ez abertzaleontzat soilik", gaineratu du.
EAko buruak erabakitzeko eskubidearen esanahiaren gainean egin du azpimarra: "Euskal Herrian bizi garenon guztiontzat demokrazian sakontzea da, hori baino ez". Halaber, subiranotasunak "ideiak oso argi" ditu eta "oinak lurren jarrita eta eskua euskal gizarteari luzatuta egindako etorkizuneko proiektua" dauka, Urizarren arabera.
PSOE eta PP, "ospea galdutako bi proiektu"
"Toki berera itzultzeko" bueltak eta bueltak ematea egotzi dio Urizarrek PSOEri. Urizarren esanetan, "Pedro Sanchez idazkari nagusi berriak Felipe Gonzalezen diskurtso bera dauka, Idoia Mendiak Redondo Terrerosena, eta Nafarroan ez du axola zer esaten dute sinesgarritasuna galduta baitute".
PPk eta PSOEk ospea galdu duten bi proiektu gisa definitu ditu Urizarrek eta popularrek zein sozialistek Euskal Herrian geroz eta garrantzia politiko txikiagoa dutela nabarmendu du. Are gehiago, "iraungita dauden mezuetara itzuli dira eta muga, abizen, hizkuntza, beldur eta mehatxu mezuak" dituzte ahotan eta bien bitartean subiranotasunak "geroz eta indar handiagoa du Euskal Herrian".
Halaber, Urizarrek ez du "ulertzen" EAJren "estrategia". Hala, "Eusko Jaurlaritzaren eskumenak bere gain hartzen dituen eta Poliziaren biktimentzako diru-laguntzei helegitea" aurkezten dien Espainiako Gobernuarengandik zer espero duen galdetu dio Urizarrek EAJri.
"Hori da PPk Hegoaldeko autogobernuei dien begirunea, eta badakigu alde horretatik ezin dugula inolako aurrerapausorik espero", adierazi du.
"Iraganeko akatsak ez errepikatzeko galdera bat egitea falta da: une erabakiorra heltzen denean, hots, prozesu subirano guztiek igaro beharreko unea iristen denean nori izan behar diogu errespetua: Espainiako Auzitegi Konstituzionalari edo euskal gizarteari?. Galdera horren aurrean Eusko Alkartasunak ez dauka zalantzarik: Guk euskal gizarteari zor diogu errespetua eta obedientzia", aldarrikatu du.
"Sozialdemokrazia beharrezkoak ez diren gauzetan aurreztea da"
Bestalde, egungo egoeran erakunde guztien helburua pertsonak izan behar dira, Urizarren arabera. Halaber, justizia soziala eta kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak oinarri izango dituen gizartea lortzeko bidean sozialdemokraziaren aukera mahaigaineratu du.
Urizarren iritziz, ez Hollandek eta ezta PSOEk ere ez dute sozialdemokrazia ordezkatzen. "Politika sozialdemokratak garatzeak beharrezkoak ez diren gauzetan aurreztea eta gastu sozialean inbertitzea esan nahi du", azpimarratu du.