Politika -

Urte Politiko berria

Bakea, krisia, hauteskundeak eta galdeketak, lan-urte ardatzak

Urte politiko berriak bakegintza eta datorren urteko hauteskundeak izango ditu ardatz nagusi. Honakoak dira datozen hilabeteotako gako politiko nagusiak.

Jaurlaritzak aste honetan eman dio hasiera kurtso politikoari, Miramar Jauregian. Argazkia: Irekia
Jaurlaritzak aste honetan eman dio hasiera kurtso politikoari, Miramar Jauregian. Argazkia: Irekia
Urte politiko berria, zalantzaz beteta

2:28

Iñigo Herce | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rajoy-Urkullu bilera

Uda ostean ikusiko dute elkar bi mandatariek. Mahai gainean, duela hilabete batzuk lehendakariak galdegindako gaiak izango dira, berriz ere, oraindik ere Espainiako presidentearen erantzunik ez duten neurrian: bakegintzan eta kartzela politikan urratsak emateko eskariak ez du inungo oihartzunik izan, ezta lehendakariak ETAko presoekin legearen barruan neurriak hartzeko aurkezturiko plangintzak ere.

Gainontzean, Abiadura Haundiko Trenaren lanak azkartzeko Jaurlaritzak ardura bere gain hartzeko proposamenari ere entzungor egin dio orain arte Madrilek. Forondako aireportuari bultzada emateko eskariak, ere bai. Kupoaren inguruan Jaurlaritzak eta Ogasun ministerioak kalkulo ezberdintasun haundiak dituzte, oraindik.

Ikusteke dago bilera horrek zenbaiteraino xamurtzen duen geroz eta ondatuago dagoen hartuemana. Rajoyren gobernuaren ajendan ez da lehentasuna ez Euskadi, ezta bakegintza ere, krisi ekonomikoa eta Kataluniako herri galdeketan murgildurik dagoen honetan. Lehendakariaren eskaerei muzin eginez gero, ez litzateke baztertu behar Urkullu eta Rajoyren hartuemana erabat hoztea.

Aurrekontuak

Ikasturte berriarekin batera erakunde ezberdinek datorren urteko kontuak onartzeko babes politikoa lortzen saiatu beharko dute. Iaz, Jaurlaritzak PSE-EErekin egindako akordioari esker lortu zuen aurrekontuak onartzea. Urkulluk adierazi du, aurten ere, adostasun berbera lortu nahiko lukeela sozialistekin, baina ikusteke dago Idoia Mendiaren PSE-EE-k bultzada hori emango ote dion Gasteizko gobernuari. Momentuz, Pastor bizkaitarrak ohartarazi du "oso zaila" izango dela aurten Jaurlaritza babestea.  Foru aldundien nahiz udal askoren aurrekontuak ere elkar-ulertze politikoaren arabera onartuko dira.

Krisia

Hori da, Jaurlaritzaren arabera, lehentasuna. Horrekin batera, Udal Legea da eskuartean duen lege proiektu haundienetakoa. Lehendakariak bi mezu eman zituen pasa den ostegunean Miramar jauregian: krisiaren okerrena iragan dugu, eta krisitik ez da austeritatearekin soilik irteten, zorroztasunarekin baino.

Bakegintza

Itxuraz, geldialdi batean murgilduta dago ETAren amaiera prozesua. Nazioarteko ikuskatzaileek desarmearen hasera iragarri ondoren, ETA-ren agiria etorri zen uztailean bere egitura lojistikoak indargabetzeko urratsak ematen hasia zela iragarriz. Bestelako aurrerapausirik ez da izan. Ez dago mugimendurik kartzeletan, Espainiako gobernuak ez baitu kartzela politikan aldaketarik egingo. Legebiltzarrean, bake eta normalizaziorako ponentziak EAJ eta Bildurekin bakarrik lanean jarraituko ote duen ikusteke dago. Loiuko autobusen erretzeak kezka piztu du, nahiz eta Sortuk gaitzetsi egin duen. Poliziak, halere, ez du uste indarkeriaren aldeko eszisio garrantzizkorik gertatzeko arriskurik dagoenik.

Udal eta Foru hauteskundeak

Maiatzeko hauteskundeei begira, alderdi guztiak hasiko dira euren lan tresneriak martxan jarri eta hautagaitzak aurkezten. Oraindik ere inkognita asko dago mahai gainean: Jose Luis Bilbao izango al da Bizkaiko hautagaia?   Bilboko alkategai nor jarriko du EAJ-k? Gipuzkoako Aldundirako zein izango da EH Bilduren hautagaia? Nafarroan ere hauteskundeak izango dira udaberrian.  Barcinak pasa den ostiralean iragarri zuen UPN-ren presidentegaia izango dela, berriro. Geroa Bai-n, litekeena da Uxue Barkos izatea bere apustua.

Kutxabank

Fundazio bankario bihurtzeko Bizkaiak eta Arabak eman dituzten urratsak emango al ditu Gipuzkoak? Indar politikoek eta  sozialek  zeresana izango dute sakoneko erabaki honetan.

 

Eskozia eta Kataluiniako prozesuak

Bi prozesuok Euskadin izan dezaketen eragina ikusteke dago. Urkulluk Eskozia hautatu du eredu moduan: elkarrizketa eta adostasunaren bidetik lorturiko estatus berri baten bidea iradoki du lehendakariak, eta alderdien arteko lanean jarri du hizpidea. Ez du, beraz, inongo estatus aldaketa edo herri galdeketarik bultzatuko adostasun politiko zabal bat gabe. Legebiltzarrak, bitartean, autogobernu ponentzia izango du ardatzetariko bat aurten.

Bestela, PSE-EEk eta PSN-k kongresua egingo dute, Patxi Lopez eta Roberto Jimenezen ordezkoak aukeratzeko. Idoia Mendia da, oraingoz eta itxura guztien arabera, Euskadin hautagai bakarra. Bien bitartean, Laura Mintegik hurrengo egunotan utziko dio EH Bilduren legebiltzareko bozemaile izateari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea