Politika -
Bateragune auzia
Arkaitz Rodriguez presoa Donostia ospitalera eramatea baimendu dute
2011n zangoetako batean egin zioten ebakuntzari lotutako probak egingo dizkiote Donostian.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak Bateragune auziagatik Logroñoko kartzelan dagoen Arkaitz Rodriguez presoa Donostiako ospitalera eramateko baimena eman du, 2011n ebakuntza egin zioten zangoan probak egin diezazkioten, espetxeko iturriek jakinarazi dutenez.
Auzitegi Nazionalak abuztuaren 25ean hartu zuen erabakia, Logroñoko kartzelako mediku taldearen irizpideak aintzat hartuta.
Logroñoko kartzelako Osasun Zerbitzuko buruak sinatutako txostenean irakur daitekeenez, "beharrezkoa eta ezinbestekoa" da duela hiru urte ebakuntza egin zion mediku taldeak zangoa ikuskatzea.
Ez da zangoko ebakuntzarekin lotuta Arkaitz Rodriguez Donostia ospitalera eramaten duten lehen aldia. Aurreko kasu guztietan ere Auzitegi Nazionalak baimendu zuen lekualdaketa.