Politika -
Udal Legearen Erreforma
Erkoreka: 'Udal erreformaren legeak autogobernua higatzen du'
Rajoyren Gobernuaren eguneroko jardunean "ahalegin zentralizatzaile oso bortitza" ikus daitekeela esan du Jaurlaritzaren bozeramaileak.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak gogor kritikatu du, beste behin, Espainiako Gobernuak onartutako Udal Legearen Erreforma. Erkorekaren hitzetan, erreforma horrek "autogobernua sistematikoki higatzen du" eta jokoan dagoena "eskuduntza arazo bat" da. Gatazkari irtenbide bat emateko, "aukera guztiak" agortzearen alde agertu da, eta Jaurlaritzak "elkarrizketaren eta akordioaren aldeko apustua" egingo duela gaineratu du.
Onda Vasca irrati-kateari eskainitako elkarrizketan, Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du Rajoyren Gobernuaren eguneroko jardunean "ahalegin zentralizatzaile oso bortitza" ikus daitekeela. "Espainiako Gobernuak eskura dituen bitarteko guztiak aprobetxatzen ditu autogobernua higatzeko eta mugatzeko", adierazi du.
Udal Legea "lurralde historikoen eskuduntza" da, Gernikako Estutuaren arabera, eta, beraz, eztabaida honetan ezin da autogobernuaren gaia alde batera utzi, Erkorekaren irudikoz.
Gatazka honen aurrean, erakundeei "aukera guztiak aztertzea, lantzea eta agortzea" dagokiela esan du buruzagi jeltzaleak. Elkarrizketaren bidez, adostasun batera heltzearen alde agertu da.