Politika -
Sare sozialak
Milaka jarraitzaile faltsu topatu dituzte Rajoyren Twitterreko kontuan
Espainiako Gobernuko presidenteak 500.000 jarraitzaile zituela ospatu zuen, baina % 60 baino gehiago gezurrezkoak zirela kontuan izan gabe.
Manu Gimenez | eitb.eus
Sare sozialak pertsona publikoen eragin ahalmenaren edo famaren termometro bihurtu dira azken urteetan, eta askok trikimailuak erabiltzen dituzte Interneten duten pisua handitzeko.
Dirudienez, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea da horietako bat. Izan ere, ekainean pozik agertu zen 500.000 jarraitzailera iritsi zelako, baina berehala atzeman zuten amarrua. Elplural.com-en arabera, Status People sare sozialetako auditoreak egiaztatu du Espainiako presidentearen jarraitzaileen % 63 faltsuak direla.
Horrez gain, jarraitzaileetako askok Twitterrek berez jartzen duen arrautzaren irudia dute oraindik, ahaleginik ere ez dute egin amarrua ezkutatzeko.
Podemos taldeak salatu du Rajoy presidenteak (565.000 jarraitzaile) Pablo Iglesiasek (524.000) baino jarraitzaile gehiago izan dezan egindako kanpaina bat izan dela.
Rajoyren taldeak onartu du robotak daudela
Sare sozialak sutan hasi dira amarruaren berri izan dutenean, eta Rajoyren taldeak berehala idatzi ditu bi mezu Twitterren, eurak jarraitzaile olde horren atzean ez daudela adierazteko. Egia edo trikimailua ezkutatzeko ahalegina?