Politika -
Auzitegi Nazionalean
EiTBren aurkako atentatuaren egunean atzerrian zela esan du Mardarasek
Akusatuak adierazi duenez, Frantziara joan zen, 2008ko abenduaren hasieran, "Poliziaren presioak" bultzatuta, ez "ETAren kide izateagatik", hori dela eta, ez zen Bilbon egon egun horretan.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak Oihana Mardaras Oruetaren epaiketa abiarazi du gaur, astelehena, Euskal Irrati Telebistaren (EiTB) egoitzaren kontrako atentatuan parte hartze leporatuta, 2008ko abenduan, Bilbon. Mardarasek, hitza hartu duenean, Bilbotik kanpo zegoela adierazi du.
"Ni Ikasle Abertzaleak sindikatuko kide nintzen, eta Segi gazteen erakundearekin harreman nuen. 2008ko amaieran, Polizia presio handia egiten ari zen. Izutu nintzen eta Frantziara joatea erabaki nuen", esan du Mardarasek Auzitegi Nazionaleko Hirugarren Sekzioko aretoan, Alfonso Guevara epaileak gidatutako saioan.
Mardarasek Iñaki Goioaga abokatuaren galderei erantzun die soilik eta, azaldu duenez, Frantziara ihes egin zuen 2008ko abenduaren hasieran, "Poliziak egindako presioak" bultzatuta, ez "ETAren kide izateagatik", baizik eta erakundearen "ingurukoekin" zuen harremanagatik.
Ana Noe fiskalak 25 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Mardarasentzat, organizazio terrorista baten kide izatea, terrorismo ekintzak egitea, legez kanpoko bahiketa eta indarkeriaz egindako lapurreta -helburu terroristekin- delituak leporatuta.
Fiskalaren arabera, Ibai Beobidek (atentatu horretan parte hartzeagatik 29 urteko zigorra jaso du dagoeneko) Mardaras eta Itziar Moreno Basakatu deitutako komandoko kide izateko deitu zituen, besteak beste, EiTBren egoitzaren kontra atentatzeko helburuarekin.
Gaur, Ibai Beobidek atentatuan parte hartzea ukatu du, eta berretsi egin du Guardia Zibilaren aurrean deklarazioa (Mardaras ere parte hartu zuela adierazi zuen) egin zuenean, "torturak, hertsapenak eta irainak" pairatu zituela.
Guardia Zibilaren arabera, Ibai Beobidek onartu zuen, Basakatu komandoko beste kideekin batera, EiTBren kontrako atentatua prestatu zuela eta Mardarasen ganbaran lehergailu bat egin zuela, eta ibilgailu baten jabea bahitu zutela.
Epaiektak bihar jarraituko du, eta bi aldeek txostenak aurkeztuko dituzte.