Politika -

Ezohiko bilkura Nafarroan

Barcina Montororekin bilduko da Itun Ekonomikoa berritzeko

Nafarroako Gobernuko presidenteak azpimarratu du "inoiz ez" duela "foru erregimenaren kontrako akordiorik sinatuko".

Nafarroako Parlamentua. Argazkia: EiTB
Nafarroako Parlamentua.
Barcina Montororekin bilduko da Itun Ekonomikoa berritzeko

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak argi adierazi du "inoiz ez" duela "gure foru erregimenaren eta Nafarroako interesen kontrako akordiorik sinatuko", eta Nafarroako erregimenaren defentsan "irmo eta leial" jokatuko duela hitzeman du.

Horren harira, presidenteak autogobernuari buruzko Parlamentuko aparteko bilkuran jakinarazi duenez, datorren irailaren 16an Cristobal Montoro Espainiako Ogasun eta Administrazio Publikoen ministroarekin bilduko da Estatuarekiko Itun Ekonomikoaren erreforma jorratzeko.

Auzitegi Konstituzionalak energia elektrikoaren foru araudia bertan behera utzi eta Espainiako Gobernuak hainbat lege nafarren kontra helegiteak aurkeztu ondoren egin dute gaurko bilkura berezia.

Yolanda Barcinak berretsi du ebazpen horren kontra dagoela, eta Estatuari eskatu dio "utz ditzala Nafarroako zergari kalte egiten dioten helegiteak". Hala ere, Estatuaren eskumenak errespetatzeko deia egin du.

"Gure lurraren pertsonalitateak ez du onartzen Espainiarekin etengabeko gatazketan egotea. Ezin ditugu arrazoia eta eskubidea erabili Amejoramendua eta Konstituzioa zanpatzeko, eta Espainiarekin haustura justifikatzeko", gaineratu du.

Itunaren erreforma

Barcinak Itun Ekonomikoa berehala berritzeko beharra aldarrikatu du, "gure zerga erregimena bermatzeko helburuarekin".

Presidenteak azpimarratu du erreforma "premiazkoa dela ebazpen gehiago galarazteko". Horren harira, "ahal den modu bakarrean" egingo duela esan du: "Estatuarekin itunak eta akordioak eginez, horixe baita foruen oinarria".

Barcinak azaldu duenez, uztailean Montororekin izan zuen bileran, egoera argitzeko formula bat bilatzeko beharra helarazi zion, Nafarroako zerga erregimenaren kontrako "interpretazio okerrak" saihesteko, eta ministroak "itunaren bertsio berri bat ahal den azkarren adosteko konpromisoa agertu zuen".

Autogobernuaren aldeko adierazpena

Atzo, Nafarroako herritar talde batek autogobernuaren aldeko adierazpena sinatu zuen, tartean Pernando Barrenak, Uxue Barkosek eta Juan Cruz Allik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea