Politika -

Diputatuen Kongresua

Rajoyk Zapaterok utzitako 'herentzia'ren erantzule egin du Sanchez

Espainiarrak lan duin bat lortu nahian dauden bitartean, datu ekonomikoak erabiltzea egotzi dio Pedro Sanchezek Mariano Rajoyri.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentea Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EiTB
Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentea Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EiTB
Sanchez eta Rajoyren arteko lehen aurrez aurrekoa, Kongresuan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak utzitako "herentzia"ren erantzuleetako bat izatea egotzi dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusi berriari. Halaber, orain etorkizunari itxaropenez begiratzerik badagoela nabarmendu du.

Horrela erantzun du Mariano Rajoyk Pedro Sanchezek Diputatuen Kongresuan sozialisten buru gisa egin duen lehen agerraldian Espainiaren egoera ekonomikoaren inguruko balorazioa egiteko eskatu dionean. Aurrez, Pedro Sanchezek Alderdi Sozialistaren presidentetzaren tokia betetzea "ohorea" dela esan du, eta "herritarren oposizioa" eginez "herritarren interesak babesten" ahaleginduko dela azpimarratu du. Bestalde, Rajoyk "asmatzen duenean" sozialistak bere alde egongo direla, baina horrela ez denean sozialistak aurrez aurre izango dituela nabarmendu du.

Espainiako bi alderdi nagusietako buruek lehen aurrez aurrekoa izan dute gaur Diputatuen Kongresuko kontrolerako saioan. Bertan, Sanchezek oasi batean "bakartuta" bizitzea egotzi dio Rajoyri. Hala, espainiarrak lan duin bat lortu nahian dauden bitartean, datu ekonomikoak erabiltzea egotzi dio Pedro Sanchezek Mariano Rajoyri. Rajoyk egoera ekonomikoari "arduraz baina itxaropenez" begiratzen diola erantzun dio.

Azken urteetan izan diren "hobekuntzak" eta etorkizuneko aurreikuspenak direla eta, itxaropentsu hitz egin du Rajoyk: "Asko dago egiteko, baina hobetzen ari gara". "Egoera ekonomikoa hobetzen ari da, egoera soziala hobetzen ari da eta, egoera politikoari dagokionez, arazo garrantzitsuenetako batzuk arduraz eta zentzuz jorratzen ari gara", gaineratu du.

"Hau al da agindutako susperraldi ekonomikoa? Lan gutxiago eta lan pobrezia handiagoa?", galdegin du Sanchezek. Bestalde, lan-erreforma bertan behera uztea, gutxieneko soldata handitzea, lan-eskubideak "zapaltzen ari den gailua" geldiaraztea eta berrindustrializaziorako motorrak martxan jartzea eskatu dio Sanchezek Rajoyri. Gainera, zientzialarien erbesteratzea gelditzeko eta enpresen esportazioen alde egiteko neurriak hartzea eskatu dio.

Rajoyk, bestalde, diputatu sozialista zen garaian Zapateroren Gobernuaren erabakiak onartzea leporatu dio Sanchezi. Gainera, Sanchezek herritarren interesak babestuko dituela iragarri ondoren, Rajoyk haren erabakia txalotu du eta bere ibilbide politikoa hasi zuenetik horretan dabilela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainako Gobernuaren presidente ohia