Politika -

Presoak

EH Bildu: 'Sakabanaketaren amaierak helburu politikoa izan behar du'

EH Bilduren hitzetan, Jone Artola Etxerateko bozeramaileak izandako istripuak "arduradun argiak" ditu, "sakabanaketa bultzatzen eta babesten dutenak", alegia.

Maribi Ugarteburu eta Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak. Artxiboko irudia: EFE
Maribi Ugarteburu eta Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak. Artxiboko irudia: EFE
Maribi Ugarteburu eta Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sakabanaketaren bukaera "helburu politiko" gisa izateko eskatu diete Maribi Ugarteburu eta Oskar Matute EH Bilduren legebiltzarkideek alderdi politikoei. Legebiltzarkideen esanetan, Jone Artola Etxerateko bozeramaileak izandako istripuaren erantzukizuna "beraien estrategia politikoaren zerbitzura sakabanaketa tresna bezala erabiltzen dutenek" dute.

Basurtuko Ospitalearen ateetan egin dituzte adierazpenak Ugarteburuk eta Matutek, Artola bisitatzera joan direnean. Besteak beste, Aitziber Ibaibarriaga zinegotzia eta Niko Moreno Sortuko ordezkaria izan dira bertan.

Igandeko istripua gertakari "larria" dela esan du Matutek. Artola eta Etxerateko bozeramailearen bi senitarteko zauritu ziren auto istripu batean, Tuteran (Nafarroa), Castellora Ugaitz Perez presoa bisitatzera joan eta gero, etxerako bidean.

"Arduradun argiak"

Matuteren ahotan, istripuak "arduradun argiak" ditu, horren arduradunak "sakabanaketa bultzatzen eta babesten dutenak" dira. "Beraien estrategia politikoaren zerbitzura sakabanaketa tresna bezala erabiltzen dutenek dute horren ardura", erantsi du.

istripua tutera tudela hildakoaren autoa iturria nafarroako gobernua

Tuterako ezbeharraren irudia. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Bestalde, Bilboko EAJren eta EH Bilduren udal taldeek ahalik eta lasterren sendatzea opa diote Artolari. Gainera, "euskal preso guztiak" Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea eskatu diote Espetxe Zuzendaritzari.

Etxerateko ordezkariek eta presoen senitartekoek agerraldia egitea onartu du Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordeak, sakabanaketa eta espetxe politika aztertzeko.

Azkenik, istripuak "sakabanaketarekin bukatu" behar dela erakusten duela esan du Sare plataformak. Orain arte izandako istripuetan presoen 16 senitarteko hil direla gogorarazi du plataformak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak bideoak ETA EH Bildu Nafarroa