Politika -
Frantzia
Manuel Vallsek konfiantza mozioa gainditu du Parlamentuan
Frantziako lehen ministroak 269 diputaturen babesa lortu du; 244k kontra bozkatu dute; eta 53 abstenitu egin dira, tartean 30 bat diputatu sozialista.
Erredakzioa
Frantziako Parlamentuak bere konfiantza agertu dio Manuel Vallsen Gobernu berriari. 269 diputatuk alde bozkatu dute; 244k aurka; eta 53 abstentzio izan dira, horietatik 30 bat diputatu sozialistena.
Aipatzekoa da joan den apirilean 306 diputaturen babesa jaso zuela eta oraingo honetan ez duela gehiengo absoluturik lortu. Christian Jacob UMPko buruzagi kontserbadoreak esan du gaurko emaitza “ohartarazpen bat” baino gehiago dela: “Vallsi geratzen zaizkion egunak zenbatuta daude”, nabarmendu du.
Parlamentuko saioan 566 diputatu izan dira eta horietatik 513k bozkatu dute. UMPk eta Independenteen eta Demokraten Batasunak kontrako botoa eman dute; ekologistak, oro har, abstenitu egin dira; eta RRDP alderdiak Vallsen Gobernu berria babestu du.
Alderdi Sozialistako diputatu kritikoek korronte bat osatu dute, Vallsek iragarritako erreforma ekonomikoak neurri liberalak direla iritzita eta hauteskunde-programan agindutakoa betetzen ez dela argudiatuta.
Manuel Valls ez zegoen behartuta konfiantza mozioa gainditzera, baina gaurko bozketaren bitartez bere Gobernu berriari “bultzada” eman nahi izan dio.
Krisi politikoa abuztuan hasi zen. Orduko Ekonomia, Hezkuntza eta Kultura ministroek gogor kritikatu zuen François Hollande Frantziako presidentearen politika ekonomikoa. Gauzak horrela, Vallsek gobernu berria eratu zuen: kritikak egin zituzten Ekonomia, Hezkuntza eta Kultura ministroak aldatu zituen.
Hollande bere ibilbide politikoko garairik zailean murgilduta dago. Bere ospeak nabarmen egin du behera, Frantziako ekonomian geldialdian dago eta Valeri Trierweiler emazte ohiak argitaratutako liburuan bere ikuspegi sozialista zalantzan jartzen da.