Politika -
Diputatuen Kongresua
Rajoyk dio prozesu independentista EBren kontrako 'erasoa' dela
Espainiako Gobernuko presidenteak berretsi du "alde handia" dagoela Eskoziako prozesuaren eta Kataluniakoaren eta Euskal Herrikoaren artean.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi du prozesu independentistak Europar Batasunaren espirituaren kontrako "erasoak" direla, Batasunak integrazioaren alde egiten duelako. Gainera, argi adierazi du berriro estatu batetik bereizten den herrialdeak Europar Batasuneko kide izateari uzten diola.
Rajoyk Kongresuko kontrol saioan Aitor Esteban bozeramaile jeltzaleari erantzunez adierazi duenez, "alde handia" dago Eskoziako erreferendumaren eta Katalunian gertatzen ari denaren artean, Eskoziak eskumen gutxi dituelako, Kataluniak edo EAEk dituztenen aldean.
Dena dela, Rajoyk ohartarazi du Europar Batasunak "oso erraztasun gutxi" emango dizkiela independizatzen diren herrialdeei berriro Batasunean sartzeko.
Hala, Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu du herrialde berri horretan ez dela pertsonen, kapitalen eta zerbitzuen zirkulazio librerik izango, ez diru bera, ez Europako Banku Zentralaren neurriak, ez nekazaritzarako laguntzak, besteak beste.
Gainera, herrialde horrek Europar Batasunean sartzea eskatzen duenetik lortzen duen arte urteak pasatzen direla eta estatu guztiek aho batez onartu behar dutela azpimarratu du.
Rajoyk ez du baloratu nahi izan "Eskozian bihar gerta litekeena", baina Europar Batasuna osatzen duten estatuetako ordezkariekin hitz eginda, ez omen du "inolako irrikarik" antzeman.
Rajoyk gaineratu du "integratzea" dela gaur egungo joera, "ez bereiztea", eta orain "mundu mailako erronkei" aurre egiteko herrialde "indartsuak" behar direlako.
Aitor Estebanek Rajoyri galdetu dio ea Eskozia Europar Batasunean sartzeko erraztasunik emango ote duen bihar erreferendumean baietzak irabaziz gero.
Presidentearen erantzuna entzun ostean, EAJren bozeramaileak gogorarazi du Espainiako Gobernuaren baimenarekin "posible eta legezkoa" dela "Katalunian ondorio juridikorik izango ez duen kontsulta bat egitea", eta "demokrata" izateko eta, unionista britainiarren moduan, erreferenduma egiten uzteko eskatu dio.
Estebanek zorionak eman dizkie James Cameron Erresuma Batuko lehen ministroari eta bertako agintariei "egiten ari diren ariketa demokratikoagatik" eta "herritarrei ahotsa emateko duten gaitasunagatik". Era berean, erreginaren "neutraltasuna" txalotu du.
Buruzagi jeltzalearen arabera, agintari guztiek errespetuz jaso dute Eskoziako Parlamentuaren nahia, Eskoziako herriak "askatasun osoz bere estatusaren inguruan, aurretik ituna eginda, iritzia eman dezan".
Bestalde, Estebanek Rajoyri esan dio ez dela "zuzena EBko herritarrak direnak bertatik kanporatzea". "Gerra zibiletan odolustu diren herrialdeak integratu nahi ditugu, eta gaur egun Europar Batasunean dauden herritarrak bota nahi ditugu, demokratikoki eta modu baketsuan Estatuaren barruan duten estatusaz erabakitzeagatik?", salatu du.