Politika -
Erabakitzeko eskubidea
Balizko euskal Kontsulten Legea babestuko luke EH Bilduk
Koalizio soberanistak uste du Espainiako Gobernuak erakutsi duen “itxikeriaren” aurrean, Euskal Herriak “bere erabakiak” hartu behar dituela, “katalanek egin duten antzera”.
Erredakzioa
Marian Beitilarrangoitia legebiltzarkideak esan duenez, erabakitzeko eskubidea gauzatzea ahalbidetuko lukeen Kontsulten Legea Gasteizko Ganberan onartzeko prest egongo litzateke EH Bildu.
Era berean, aukera hori elkarrekin aztertzeko eskua luzatu die gainerako alderdiei.
Beitialarrangoitiak eta Dani Maeztuk agerraldia egin dute Legebiltzarrean, EH Bilduk ikasturte politiko berrian izango dituen helburu nagusien berri emateko, eta, lehentasun horietan artean, subiranotasunaren bidean aurrera egitea dagoela nabarmendu dute.
Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera ulertzen ez dutela ere adierazi dute. “Ez dakigu zer negoziatu nahi duen Madrilen, Espainiako Gobernuaren itxikeria ikusita”, kritikatu dute. Testuinguru honetan, Euskal Herriak “bere bidea” egin behar duela esan dute, “katalanek egin duten antzera”.
Kazetarien galderak erantzunda, Beitialarrangoitiak esan du bere taldeak begi onez ikusiko lukeela Legebiltzarrean Kontsulten Legea onartzea, baina erantsi du bide gehiago egon daitezkeela erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eta talde parlamentario guztien artean aztertu beharko dituztela balizko aukera ezberdinak.
Bestalde, Dani Maeztuk iragarri du EH Bildu Eusko Jaurlaritzaren 2015erako aurrekontuak onartzeko prest egongo litzatekeela, Osasungintza eta Hezkuntza bezalako oinarrizko sektoreetan murrizketarik ez badago eta orain arteko aplikatutako murrizketak bertan behera geratuz gero.