Politika -
Presoen sakabanaketa
Sareren ekitaldia bertan behera uztea baztertu du epaile batek
Bilboko ekitaldia bertan behera uztea eskatu zuen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak Estatuko Abokatutzaren bidez. Horrela, helegitea aurkeztu zuen, baina epaileak atzera bota du.
Erredakzioa
Presoen sakabanaketaren aurkako ekitaldia bertan behera uztea baztertu du Administrazioarekiko auzien Bilboko hirugarren epaitegiak, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak larunbatean ekitaldi horren kontrako helegitea aurkeztu ondoren.
Sare plataformako iturriek baieztatu dutenez, epaitegiko autoa jaso dute eta helegitea atzera bota du epaileak.
Bilboko ekitaldia bertan behera uztea eskatu zuen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak Estatuko Abokatutzaren bidez. Horrela, helegitea aurkeztu zuen, ekitaldia "Gobernuaren espetxe politikaren aurka" protesta egiteko zelako. Gainera, Sareren ekitaldiak terrorismoaren biktimak eta senitartekoak "mespretxatu" egiten zituela argudiatu zuen Gobernuaren Ordezkaritzak.
Aurretik, Bilbao Arena pabiloia Sareri ez uztea eskatu zion Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak Bilboko Udalari, baina Bizkaiko hiriburuko Udalak ez zuen trabarik jarri.
Etxeraten txostena
Bestalde, Etxerat presoen senitartekoen kolektiboak egindako txosten bat eman zion Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari astelehenean, Madrilen elkarrekin egin zuten bileran. 2014ko lehen seihilekoan presoen eta senitartekoen egoera zein den laburbiltzen du txostenak.
Eusko Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, Urkulluk bere konpromisoa bete du, abuztuaren 1ean Etxeratek Loiolako Basilikan (Azpeitia) eman zion txostena Espainiako Gobernuko buruari emanda.