Politika -
Eskoziako erreferenduma
Erkoreka: 'Ate bat ireki da EBn estaturik gabeko nazioentzat'
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak “XXI. mendeko Europan Estaturik gabeko nazio batek askatasunez negoziazioari eta akordioari esker” etorkizuna erabaki duela nabarmendu du.
Manu Gimenez | eitb.eus
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du Eskoziako erreferendumak "ateak ireki" dizkiela Europar Batasunean dauden "estaturik gabeko nazioei, autogobernu anbizioetan aurrera egiteko testuinguru aske eta demokratiko batean".
Jaurlaritzaren bozeramailearen arabera, atzoko bozketak agerian utzi du erabakitzeko eskubidea "errealitate bat" dela Europar Batasunean.
Horregatik, "zorionak" eman dizkie Eskoziaren independentziaren alde eta kontra daudenei, "garrantzitsuena ez baita ezezkoaren nagusitasuna, eskoziarrek Europar Batasunaren baitan euren etorkizunari buruzko erabakia erreferendumean, askatasun osoz eta demokratikoki hartu ahal izan dutela baizik".
Gainera, Erkorekak goraipatu du "normaltasun osoz" izan zela bai bozketa bai kanpaina, "irainak eta indarkeria erabat bazterrean utzita".
Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, atzokoan "demokraziaren eredua ikusi genuen. Demokraziaren eredua izan zen Erresuma Batuak Eskoziaren etorkizunari buruzko erabakia eskoziarrei dagokiela adostu zuenean. Erreginak berak ere aitortu zuen erabakia eskoziarrena zela eta errespetuz hartu behar zela".
Bestalde, argi adierazi nahi izan du erabakitzeko eskubidea ez dela "lekuan lekuko nazionalisten edo abertzaleen aldarrikapena soilik, baizik eta printzipio demokratikoa bere burua eta bere jarduna demokratikotzat duen ororentzat".
Eskozia-Euskadi lotura
Gainera, Erkorekak "Eskoziaren eta Euskadiren artean dagoen lotura" azpimarratu du, "berezko aliatuak" direla, "biak baikara estaturik gabeko nazioak Europar Batasunean". Era berean, bien artean "interes ekonomiko gurutzatuak" daudela azaldu du, Iberdrolari erreferentzia eginez.
"Politika sozial aurrerakoien aldeko apustuan ere" bat egiten dutela goraipatu du, eta datozen asteotan osasun alorrean elkarlanerako ituna sinatuko dutela.
Europan herri batek bere etorkizuna erabakitzea posible izatea nabarmendu du Urkulluk
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak “XXI. mendeko Europan Estaturik gabeko nazio batek askatasunez negoziazioari eta akordioari esker” etorkizuna erabaki duela nabarmendu du.
Erresuma Batuak “hasiera batean autogobernua errefusatu” arren, “negoziazioari eta akordioari esker, posible dela ikusi da Eskoziak askatasunez etorkizun politikoa erabakitzea, herritarrek politikarenganako interesik ez duten uneotan”, adierazi du.
Lehendakariak azpimarratu duenez, “Europar Batasuneko historian lehenengo aldiz” Estaturik gabeko nazio batek, Europar Batasuneko kide den herrialde baten barruan, “etorkizuna erabaki ahal izan du”.
Erreferenduma eta “aurrekaririk gabeko partaidetza masiboa politikaren legitimazio jarduera bat” izan dira, lehendakariaren ustez.