Politika -
Udal legea
Arabaren 'nortasuna ezabatu' nahi izatea egotzi dio De Andresek EAJri
Arabako ahaldun nagusiak azaldu duenez, "ez da Bizkaiaren berdina, ezta Gipuzkoaren berdina ere. Araba desberdina da".
Erredakzioa
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak Arabaren "nortasunaren zaintzailea (Aldundia)" ezabatu nahi izatea leporatu dio EAJri, Eusko Jaurlaritzaren Udal Lege proposamenari erreferentzia eginez. "Ez da Bizkaiaren berdina, ezta Gipuzkoaren berdina ere. Araba desberdina da", azpimarratu du.
Kurtso politiko berrirako irizpideak aurkezteko emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, badira jada hiru urte baino gehiago PPk Arabako Aldundia berreskuratu zuenetik, eta agerian geratu da "gauzak aldatu direla, asko gainera", egoera "erraza izan ez den arren".
De Andresek Eusko Jaurlaritzak proposatutako Udal Legea izan du hizpide, eta argi adierazi du ez duela PPren babesik izango; izan ere, "foru aldundiei eskumenak kentzen dizkie, baina ez udalei emateko, baizik eta zentralizatu eta Euskal Finantzen Kontseilua izan dadin erabakiak hartzen dituena".
"Arabako Aldundia traba bihurtzen ari da zentralitatearen alde egiten dutenentzat, desberdintasunik nahi ez dutenentzat eta Euskadi anitza eta desberdina aitortu nahi ez dutenentzat. Ez dute onartu nahi Arabako Aldundia eta Arabako herritarrak ez direla Bizkaiko edo Gipuzkoako berdinak", gaineratu du.
Horren harira, gogor gaitzetsi du "Arabaren nortasuna zaintzen duena, herritarrok bereizten gaituena, Arabako Foru Aldundia ezabatu" nahi izatea.
Haren esanetan, "denok berdinak izango bagina bezala egin nahi dute, denok Hernanikoak edo Oiartzungoak izango bagina bezala", baina "Araba desberdina" da.