Politika -
Kataluniako kontsulta
Catala, Konstituzioan Kataluniaren berezitasunak aitortzearen aldekoa
Udan publikatutako elkarrizketa batean, Justizia ministro berria Konstituzioa erreformatzearen alde agertu zen.
Erredakzioa
Rafael Catala Polo Espainiako Gobernuaren hurrengo Justizia ministroak Konstituzioa erreformatzearen alde egin zuen ekainean, "Kataluniaren berezitasunak aitortzeko".
Estatuko Administratzaile Zibilen Elkartearen aldizkarian publikatutako elkarrizketa batean, "kataluniar sentimendua" gertutik ezagutzen duela azaldu zuen Catalak.
Orain arte Azpiegituren estatu-idazkaria izandakoak gogor kritikatu zituen independentziaren aldekoak, "elkartasun falta" eta "gehiengoari gutxiengoak nahi duena inposatu nahi izatea" egotzi baitzien, baina Konstituzioan "aldaketak" egitea babestu zuen.
"Gure Konstituzioak zerbitzu ona eman digu 30 urtean [...], baina ez da ukiezina, erreformatu egin daiteke Kataluniak hor duen lekua hobetzeko; hori bai, ahalik eta adostasun handiena bilatuta", gaineratu zuen.
Catala hurrengo astean izendatuko dute Justizia ministro, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Txinarako bidaia ofiziala eta Felipe VI.a erregeak New Yorkerakoa bukatu eta gero.
Horren erronka nagusiak Gallardonek utzitako beste gai polemiko batzuk ere kudeatzea izango da, hala nola Botere Judizialaren Lege Organikoa, Zigor Kode berria (biziarteko espetxe-zigorra ezartzen du), tasa judizialak eta forudunen kopurua murriztea.