Politika -
Eusko Legebiltzarra
Politika Orokorreko Eztabaida jarraitzeko gida
09:30ean abiatuko da saioa. Lehendakariak bakarrik hitz egingo du goizean. 14:30ean taldeen txanda hasiko da; txikienetik handienera hartuko dute parte.
Erredakzioa
Politika Orokorreko Eztabaida hartuko du bihar Eusko Legebiltzarrak, urte politiko berriari hasiera ofiziala emanaz. Hala, udako etenaren ondotik, Legebiltzarreko lan-egutegiari hasiera emango diote.
Biharko saioa Iñigo Urkullu lehendakariak irekiko du, 09:30ean. Gehienez bi orduko hitzaldia egin ahalko du, eta hori izango da goiz parteko agerraldi bakarra. Asteon jakin dira lehendakariaren hitzaldiko gako nagusiak zeintzuk izango diren: autogobernuan sakontzea, ekonomia berpiztea eta elkarbizitzarako oinarriak finkatzea izango dira Urkulluk urte politiko berrirako dituen helburu nagusiak.
Lehendabiziko hitzaldiaren ondoren, saioa eten egingo da, eta 14:30ean ekingo diote berriro. Taldeek abiaraziko dute eztabaidaren bigarren zatia: txikienetik handienera hartuko dute parte, eta gehienez 30 minutu izango dituzte azalpenak emateko.
Jarraian, berriro, lehendakariak hartuko du hitza, taldeei, banaka edo orokorrean, erantzuteko. Eta eztabaida amaitzeko, taldeen beste txanda bat zabalduko da: hamarna minutu izango dituzte erreplikarako.
Jarraitu eztabaida, zuzenean, eitb.eus atarian.