Politika -
Azaroak 9
Masek berretsi du astebururako sinatuko duela kontsultaren deialdia
Hori horrela, kontsultaren dekretua, eta onartu berri duten kontsulten legea, bihar edo etzi argitaratuko dituzte Kataluniako Generalitatearen Aldizkari Ofizialean.
Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidenteak berretsi du asteburua baino lehenago sinatuko duela azaroaren 9ko kontsulta deitzeko dekretua.
Masek Mesedeetako Andre Mariaren eguneko festan Bartzelonako udaletxean egindako ekitaldian esandakoaren arabera, beraz, kontsultaren dekretua, eta onartu berri duten kontsulten legea, bihar edo etzi argitaratuko dituzte Kataluniako Generalitatearen Aldizkari Ofizialean.
Ostiralean argitaratzekotan, kontsultaren deialdia Jordi Pujolek Parlamentuan agerraldia egingo duen egun berean egingo da ofizial.
Azaroaren 9ko kontsultarako dekretua sinatu aurretik, beharrezkoa da kontsulten legea argitaratzea.
Legea aurreko astean onartu zuten, CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP alderdien aldeko botoekin, Parlamentuaren % 78,5en babesarekin; PP eta Ciutadans, berriz, kontra agertu ziren.
Aipatu legea Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Kataluniako presidenteak kontsulta deitzeko dekretua sinatu ahal izango du, egun horretan bertan, eta Aldizkariaren ale berezi batean edo hurrengo egunekoan argitaratuko dute.