Politika -
Madril
Fiskaltzarentzat ez da delitua Cifuentesek Colau ETArekin lotu izana
Espainiako Gobernuaren ordezkariak esan zuen PAH plataformak "talde filoetarrei eta ETAren aldekoei babesa" ematen ziela.
Erredakzioa
Fiskaltzaren ustez, Cristina Cifuentes Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak adierazpen askatasunez jokatu zuen Ada Colau PAHren bozeramaile ohiari "talde filoetarrak" babestea leporatu zionean. Hala ere, adierazpen hori gezurrezkoa eta Colauren ohorearen kontrakoa izan litekeela aitortu du.
Estatuaren Abokatutzak eta Ministerio Publikoak, Cifuentesen defentsa gisa, adierazpen askatasuna aldarrikatu dute Ada Colau Guanyem Barcelona plataformaren bozeramaileak jarritako salaketaren artxiboa eskatzeko. Colauk salatu zuen Cifuentesek ohorerako oinarrizko eskubidea urratu ziola.
Gaur izan da epaiketa Bartzelonako 57. Instantzia auzitegian. Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako (PAH) kideak Cifuentes zigortzea eta 75.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du.
Colauk azaldu duenez, kalte-ordain hori Madrilen etxegabetzeen kontrako mobilizazioetan PAHko kideek jaso dituzten isunak ordaintzera bideratuko lukete.
Cifuentesek 2013ko martxoaren 25ean egin zituen salaketa eragin duten adierazpenak. RNE irrati katean egindako elkarrizketa batean, Ada Colauri buruz hitz egin zuen, eta bere plataformak "talde filoetarrei eta ETAren aldekoei babesa" ematen ziela esan zuen.