Politika -

Auzitegi Nazionala

'Topatu.info'-ko 3 kide auzipetu dituzte terrorismoa goratzea egotzita

Urriaren 7an deklaratu beharko dute Madrilen, 2013ko Gazte Danbadako ekitaldi politikoan esandakoak zabaltzeagatik.

Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB
Auzitegi Nazionala.
Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 'Topatu.info' webguneko hiru kide inputatu ditu terrorismoa goratzea leporatuta, hedabideak berak zabaldu duenez.

Aipatu iturrien arabera, "Euskal Herrian deklaratzeko egin dugun eskaerari uko egin dio auzitegiak, eta urriaren 7an, asteartea, Madrilera joan beharko dugu Eloy Velasco epailearen aurrera".

Azaldu dutenez, "2013ko martxoaren 29tik apirilaren 1a bitarte Urduñan ospatu zen Gazte Danbada jaialdian egindako ekitaldi politikoaren inguruan informatzeagatik deitu gaitu deklaratzera Eloy Velasco epaileak inputatu gisa". Izan ere, bertan hitz egin zuten Ernaiko kideak auzipetu egin zituzten preso baten inguruan hitz egiterakoan terrorismoa goratu zutelakoan. Gainera, adierazpen horien inguruko bideoak webgunetik ezabatzeko agindua eman zion 'Topatu.info'ri.

Webguneak agindua betetzea erabaki zuen, baina, hala ere, "informazio hura zabaltzean" haiek ere "terrorismoa goratu" zutela iritzi dio epaileak.

'Topatu.info'k salatu du prentsa askatasunaren kontrako erasoa dela inputazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea