Politika -

22 liburu erretiratu ostean

ELAk eta LABek 'euskalfobia' eta 'sorgin ehiza' leporatu diote Iribasi

Sindikatuen ustez, Hezkuntzan erabiltzen ziren 22 liburu erretiratu izana euskararen kontrako erasoa da.

Jose Iribas, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria. Argazkia: EITB
Jose Iribas, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria. Argazkia: EITB
Nafarroak 22 eskola-liburu erretiratzeko agindu du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek gogor kritikatu dute Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako 22 liburu erretiratu izana, eta euskararen kontrako erasoa izan dela salatu dute.

ELA sindikatuak esan du Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria "euskararen kontrako inkisidorea" dela.

Sindikatuak prentsa-ohar batean azaldu duenez, neurri horrekin Hezkuntza alorreko kudeaketan izan duen "porrota estali" nahi dute, eta dekretu bat inposatu, "debekatutako liburu batzuekin alarma soziala sortuz, hori baita UPN eroso dagoen eremu bakarra".

"Ez da UPNk zentsuratzen duen lehenengo aldia. ELAk duela hilabete batzuk salatu zuen Parlamentuan testuliburu batzuk doako programatik kanpo utzi dituztela, eta ikasleak eta irakasleak liburuetako orriak moztera behartu nahi zituztela", prentsa-oharrean jasotakoaren arabera.

ELAren ustez, Iribasek "bere gustukoa ez den errealitate kultural eta linguistikoa desagerrarazteko" presioa egiten du.

Sindikatuak 1936an tropa frankistek Tolosako ikastolako liburuekin egin zuten sua ekarri du gogora, eta gaur egun "oraindik liburuak debekatu edo orriak mozten dira", salatu du.

Bestalde, LABek "sorgin ehiza" egitea leporatu dio Hezkuntza kontseilariari, eta haren dimisioa eskatu du, "Nafarroako hezkuntza sistemaren arazoak konpontzeko gai ez delako eta euskalfobiak eragindako mamuak elikatzen dituelako".

Sindikatu abertzalearentzat, jarrera horrek agerian uzten du UPNren "euskalfobia", "euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duen oro deuseztatzeko obsesioa".

"Aurreko ikasturtean D ereduko irakasleen kontrako kanpaina abiarazi zuen, eta orain testuliburuen txanda da", salatu du LABek, Hezkuntza Departamentuak "arazo asko eta potoloak" dituela azpimarratu aurretik.

22 liburu erretiratu

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 'Euskara eta literatura' ikasgaiko 22 eskola-liburu erretiratzeko agindu du, Nafarroako errealitate instituzionalarekin bat ez datozela argudiatuta. Lehen Hezkuntzako liburuak dira denak, eta, Foru Gobernuaren iritzian, hezkuntzako curriculuma ere ez dute errespetatzen. Gainera, Foru Gobernuak ohartarazi du argitalpen horiek ez dituela eskola-liburuak finantzatzeko programaren baitan sartuko. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria kazetarien aurrera agertu da, eta gaur emandako aginduaren ildoak "duela gutxi onartutako foru-agindu batean jasotzen dira", azaldu du.

"Irregulartasunak dituzten liburuak Lehen Hezkuntzako 'Euskara eta literatura' ikasgaikoak dira, sei argitaletxekoak: lehen mailako liburu bat, bigarren mailako lau liburu, hirugarren mailako zortzi, bosgarren mailako sei eta seigarren mailako bi liburu. Guztietan Nafarroa ez dagokion lurralde-testuinguru batean kokatuta agertzen da edo Euskal Herriko bandera erabiltzen da, justifikaziorik gabe", Iribasen arabera.

Nafarroako Gobernuaren arabera, "behin arau-hausteak atzemanda, liburu horiek zein ikastetxetan erabiltzen ari diren egiaztatu beharko dute Hezkuntzako ikuskatzaileek. Horiek zuzentzeko edota materiala erretiratzeko eskatuko zaie eskola horiei".

Bestalde, ezker abertzalea hezkuntza-zentroak "manipulazio politikorako eta adoktrinamendurako" erabiltzen ari ote den ikertuko dutela jakinarazi du Iribasek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea