Politika -
Elkarrizketa
Calparsoro: 'Euskadin ez da Pujol auzia bezalakorik izan'
Euskadiko fiskal nagusiak ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren ordezkariaren figura sortzeko beharra azpimarratu du.
Erredakzioa
Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak uste duenez, “Euskadin ez da Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiarena bezalako ustelkeria kasurik izan, ez eta Balear Uharteetan edo Andaluzian izan diren kasuak bezalakorik ere”.
Elkarrizketa eskaini dio Calparsorok EFE agentziari eta sei hilabete barru Euskadin ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren ordezkaria izatea espero du. Ordezkari horrek ustelkeria kasuen ikerketa erraztuko du, “herritarrek zorroztasun gehiago eskatzen baitute eta merezi baitute”.
Fiskal nagusiaren aburuz, “oso ausarta izango litzateke Euskadin Kataluniakoa bezalako kasurik ez dela gertatu esatea”. “Euskadin Pujol auzia bezalako auzi larririk ez egotea espero dut, horrela balitz porrota izango bailitzateke”, adierazi du.
“Beste erkidego batzuetan ere antzerako kasuak izan diren arren, Balear Uharteetan, Valentzian edo Andaluzian, nik uste du Euskadin ez dela ustelkeriarik egon, ez behintzat maila horretan”, gaineratu du.
Hala ere, “ezin daiteke baztertu orain urte batzuk izandako kasuak argitara ateratzea”.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren ordezkaria
Miñano eta Margüello bezalako auziak ere hizpide izan ditu Juan Calparsorok, eta horien instrukzioa “oso geldoa” dela onartu du.
“Prozesuen luzapenak mesede egiten die delituak egin dituztenei eta kaltea aske geratu direnei”, deitoratu du. Hori dela eta, ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren ordezkariaren figura sortzeko eskatu dio Barne Ministerioari.
Aforatuak
Espainiako Gobernuak aforatu kopurua murrizteko egin duen proposamenaren inguruan, proposamena “ontzat” jo du fiskalak. “Gai horren inguruan, ordea, demagogia handia dago, eta eztabaida ustelkeria kasuei benetan neurria ez hartzeko erabiltzen ari dira”, ohartarazi du.
“Aforamendua justifikatuta dago kasu askotan, eta banaka aztertu beharko dira aforamenduak, aforamendua noiz ken daitekeen erabakitzeko”, zehatu du Calparsorok elkarrizketan.