Politika -
Gobernuaren kontrol-saioa
Rajoyren Gobernua osasun gastua murrizteko programak prestatzen ari da
Espainiako Gobernuak neurri horiekin autonomia erkidegoei defizita murrizten lagundu nahi die, eta, bide batez, ezarritako egonkortasun helburuak lortu.
Erredakzioa
Espainiako Ogasun eta Osasun ministerioak osasun gastuari eusteko programekin lanean ari da autonomia erkidegoei defizita murrizten laguntzeko eta, honela, ezartzen diren egonkortasun helburuak lortzeko.
Hala adierazi du Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroak Diputatuen Kongresuan egiten ari diren Gobernuaren kontrol-saioan. Joan Rangel PSOEko Aurrekontu Gaietarako bozeramaileak zerga doikuntza administrazio publikoen artean banatzeko Gobernuak erabili dituen irizpideen gainean galdera egin dio Montorori.
"Irizpideak Aurrekontuen Egonkortasunerako eta Finantzen Jasangarritasunerako Lege Organikotik eratorritakoak dira", erantzun dio Montorok. Azaldu duenez, osasun gastuak "dinamikoagoak dira", eta, beraz, "horiek dira kontu publikoetan eta autonomien defizitean presio gehien eragiten dutenak". Hori dela eta, osasun gastuari eusteko programak prestatzen ari da Espainiako Gobernua.
Honela, Espainiako Gobernuak etorkizuneko defizit helburuak lortzeko laguntza eskaini nahi die autonomia erkidegoei, eta defizita murrizteko autonomiek egin duten "ekarpen handia" aitortu. "Hori eskertu eta baloratu egin behar da", gaineratu du.
Finantziazio bereziko mekanismoak erabilita Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei eskaini dien laguntza azpimarratu du Ogasun ministroak. Horren arabera, legegintzaldia hasi zenetik Gobernuak 148.911 milioi euro eman dizkie autonomia erkidegoetako gobernuei, eta beste 14.462 milioi euro, udaletakoei.