Politika -
Araba
De Andresek ukatu egin du 200.000 euro eskudirutan sartu izana
Oposizioak azalpenak eskatu dizkio Arabako ahaldun nagusiari, egunkari batek publikatutako albiste baten harira.
Erredakzioa
Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusiak gezurtatu egin du emazteak bere kontu korrontean eskudirutan 200.000 euro sartu izana eta Ogasunak ikerketa abiatu edo isuna ezarri izana.
El Mundo egunkariaren arabera, Ogasunak 200.000 euroko bi diru-sarrera atzeman dizkio De Andresen emazteari, Gasteizko banku batean eskudirutan sartu omen zituenak. Etxebizitza finantzatzeko erabili omen zituen.
Hori horrela, oposizioak azalpenak eskatu dizkio ahaldun nagusiari, eta horrek Aldundiaren Ikuskaritza Zerbitzuko idatzi bat helarazi die kazetariei. Idatzi horretan, Ikuskaritzak ukatu egiten du De Andresen aurka egin izana.
Testu horren arabera, senar-emazteen etxebizitzaren finantziazioa egiaztatu zuten 2003. urtean, baina ez zuten akta idatzi.
Aldundiak etxea erosteko erabilitako diruaren jatorria zein zen galdetu zion De Andresi, "baina argitu egin nuen, eta bukatu egin zen auzia", esan du ahaldun nagusiak.
Oposizioaren kritikak
Egunkariak gaur eman du ustezko ordainketa irregularren berri. Arabako Batzar Nagusiek politika orokorreko eztabaida dute gaur, baina De Andresek ez du gaia aipatu bere hitzaldian. Horregatik, oposizioak horren aurka egin du.
Ramiro Gonzalez EAJko bozeramaileak kritikatu egin du ahaldun nagusiak azalpenik eman ez izana. "[Egunkariak argitaratutakoa] egia edo gezurra den argitzeko aukera galdu du", salatu du.
PSE-EEko Cristina Gonzalezen ustez, "arraroa" da De Andresek informazio hori aipatu ez izana. "Gardentasunari buruz hitz egiten du, baina berak ere garden jokatu beharko luke", esan du.
Gorka Ortiz de Ginea EH Bilduko batzarkidearen esanetan, ahaldun nagusiak "horrenbeste diru eskudirutan ordaindu badu, Barcenasen gutun-azalak Arabako Aldundian ere egon direla pentsa dezakegu".
Mertxe Etxezarretak (EB) diruaren jatorria "ikertzea" eskatu du, eta baztertu egin du oraingoz baloraziorik egitea.