Politika -
Pariseko auzitegia
Aranbururi eta Gurrutxagari sei urteko espetxe-zigorra ezarri diete
Era berean, zigorra bete eta gero ETAko bi kideak Frantziatik behin betiko kanporatzea erabaki du Auzitegiak. 14 karguren errudunak direla erabaki dute epaileek.
Erredakzioa
Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu ETAko kideei sei urteko kartzela-zigorra ezarri die Frantziako Justiziak. ETAren egitura logistika militarreko kide izatea leporatu diete. 2012ko maiatzean atxilotu zituzten Frantziako hego-mendebaldean.
Era berean, zigorra bete eta gero ETAko bi kideak Frantziatik behin betiko kanporatzea erabaki du Pariseko Auzitegiak. Bestalde, 2011ko irailean Volkswagen Golf auto bat lapurtzeagatik eta ibilgailuari su emateagatik 1.500 euroko kalte-ordaina eman beharko diote zigortuek autoaren jabeari.
Gurrutxaga Gogorza (35 urteko bilbotarra) eta Aranburu Sagarminaga (34 urteko errenteriarra) 14 karguren errudunak direla erabaki dute epaileek, besteak beste, terrorismo delitua.
2012ko maiatzaren 27an, atxiloketaren unean, Gurrutxagak Poliziaren kontrolari muzin egin ez ziola ebatzi du Auzitegiak; izan ere, Aranburuk gidatzen zuen lapurtutako Peugeot 207 autoa ihes egiten saiatu zirenean.