Politika -

2013ko txupinazoa

5 hil eta 4 urte arteko zigor eskaerak, ikurrina zabaldu zutenentzat

Defentsak absoluzioa eskatu du. Epaiaren zain geratu da gaur auzia.

Bost auzipetuak, epaitegiaren aurrealdean. EFE
Bost auzipetuak
Bost auzipetuak, epaitegiaren aurrealdean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost hilabete eta lau urte arteko kartzela-zigorrak eskatu dituzte fiskalak eta akusazio partikularrak 2013ko sanferminetako txupinazoan ikurrina erraldoi bat zabaltzea egotzita auzipetutako lagunentzat.

Epaiketak azken saioa izan du gaur eta aldeen eskaerak ezagutu dira bertan. Fiskaltzak bost hilabeteko espetxe-zigorra galdegin du bost akusatuentzat, ordena publikoaren kontrako delitua egotzita. Akusazio partikularrak (Iruñeko Udala), berriz, lau urteko zigorra eskatu du lau akusatuentzat eta bosgarrenaren absoluzioa.

Zigor Kodean jasota dagoen "larrigarria" aintzat hartu du akusazioak zigor eskaera handitzeko, ikurrina zabaltzeak "ondorio kaltegarriak" ekar litzakeela ulertuta, besteak beste, jende uholdeak.

Defentsak, bestalde, absoluzioa eskatu du bostentzat egindakoa "zigor penalik merezi" ez dutela argudiatuta.

Ikurrina zabaldu zutela aitortu zuten atzo bost akusatuetatik lauk; bosgarrenak agertu zuenez, ekintza bideoz grabatzeaz arduratu zen bera.

Azken txanda baliatu dute akusatuek gaurko saioan. Berretsi dutenez, ez zuten txupinazoa izorratzeko asmorik, helburua Ikurren Legea "bidegabea" dela salatzea zelako. Horrez gain, poliziaren jardun "neurrigabea" eta ikerketa prozesua oso garestia izan dela kritikatu dute.

Horrez gain, lehergaietan aditu diren bi polizia nazionalen lekukotzak izan dira gaurko saioan. Bideokonferentzia bidez azaldu dutenez, ikurrina zabaltzeak txupinazoaren "berezko arriskua areagotu" zuen.

Hala, ikurrina udaletxeko balkoian egonda, txupina botako ez zuketela azpimarratu dute bi poliziek.

Auzia epaiaren zain geratu da gaur.

 
 
 
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sanferminak Iruñean