Politika -
Eusko legebiltzarra
Katalanen erabakitze eskubidea errespetatzeko eskatu du Legebiltzarrak
Gasteizko ganbarak testua onartu du EAJren eta EH Bilduren botoei esker.
Erredakzioa
Katalanek erabakitzeko eskubidea gauzatzeko Kataluniako Parlamentuak abiatu duen "prozesu politiko eta demokratikoa errespetatzeko eta aitortzeko" eskatu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak.
EH Bilduren ekimenez Kataluniako prozesuaren gaia eztabaidatu dute osoko bilkuran eta koalizioak proposatutako testua aurrera atera da EH Bilduko eta EAJko legebiltzarkideen babesarekin. "Herriek beren etorkizuna erabakitzeko zilegitasuna dute, eta muga herritarrek demokratikoki adierazten eta erabakitzen duten horretan dago", bi alderdiek defendatu dutenez.
Bozketaren ondotik, testua onartu izana txalotu dute EH Bilduko legebiltzarkideek eta Unai Urruzunok eta Dani Maeztuk estelada bat erakutsi dute.
Eusko Legebiltzarrak Kataluniako Parlamentuak abiatutako prozesu politiko eta demokratikoa errespetatzea eta aitortzea adostu du, EAJren eta EH Bilduren babesarekin.
Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak Eskoziako eredua jarri du adibidetzat. Horren esanetan, Eskoziako adibideak "argi eta garbi erakusten digu legeak errespetatzen direnean eta borondate politikoa dagoenean, gehiengo demokratikoak errespetatzen direla". "Demokraziari, galdetzeari beldurra diote. Galderari eta hiritarrek esango dutenari beldurra diote", salatu du.
Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak azpimarratu duenez, "kataluniarrek gai zehatz baten gainean bozkatu nahi dute". Agintari batek bozkatzen utzi eta hiritarrek diotena errespetatu behar duela esan ondoren, Kataluniako galdeketarekiko errespetua eskatu du.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak bozkatzea baino ezer demokratikoagoarik ez dagoela diotenen argudioa baztertu du, hain erraza ez dela argudiatuta. Haren iritziz, "galdetu nahi denak erabaki kolektibo bati eragiten dionean, ezinbestekoa da arauak argiak eta neutralak izatea".
Erabakitzeko eskubidea ez duela inork zalantzan jartzen aldarrikatu du Borja Semper legebiltzarkide popularrak. Are gehiago, "espainiar guztiok normalean hautestontzientzat gauzatzen dugu eskubide hori".
Bestalde, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak katalanen benetako arazoak konpontzeko gaitasunik ez izatea eta berriak sortzea egotzi dio Kataluniako Gobernuari.