Politika -

Txostena

Espainiak torturaren prebentziorako mekanismorik ez duela salatu dute

Behatokiaren eta Torturaren Aurkako Taldearen arabera, "torturaren biktimei, errekonozimendutik urrun, ezikusiarena egiten diete eta tratu txarra pairatzen dute".

Torturaren kontrako protesta. Argazkia: Efe
Torturaren kontrako protesta.
Torturaren kontrako protesta. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen Behatokiak eta Torturaren Aurkako Taldeak salatu dute Espainiako Estatuan ez dagoela "torturaren prebentziorako eta biktimen konponketarako mekanismorik", nahiz eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eta beste erakunde batzuk zigorrak jarri.

Iratxe Urizar eta Lorea Bilbao Behatokiaren eta TATen ordezkariek Europako Giza Eskubideen ebazpena izan dute hizpide, Beatriz Etxebarriak eta Oihan Ataunek jarritako tortura salaketen harira.

Agerraldian izan dira Ohian Ataun bera, urtebeteko kartzela zigorra bete zuena presoen aldeko kartel batzuk eramateagatik, eta Jokin Etxebarria, tortura salaketa jarri zuen presoaren anaia.

Salatu dutenez, "nazioarteko Gobernuz Kanpoko Erakunde ugarik, Human Rights Watchek eta Amnesty Internationalek tarteko, Europako Kontseiluak eta Tortura Prebenitzeko Batzordeak" ere Espainiako Estatua kritikatu dute "tortura ahalbidetzen duten inkomunikazio neurria bezalakoak erabiltzen jarraitzen duelako, eta biktimen salaketak ikertzeari uko egiten diotelako".

Behatokiko eta TATeko ordezkariek uste dute "errealitatean nabarmen" geratzen dela ez dagoela "prebentziorako" neurririk. Hala, horren harira itunak eta akordioak izenpetu badituzte ere, Estatuan ez dagoela Torturaren Prebentziorako Batzorderik gogorarazi dute, eta dauden prebentziorako mekanismoak "erabat hutsalak" direla.

Era berean, eta 'Inkomunikazioa eta Tortura' txostenean 45 tortura salaketari egiazkotasuna eman bazaio ere, biktimak errespetatu gabe jarraitzen dutela uste dute.

Segiko kide izatea leporatuta epaitzen ari diren 28 gazteen kasua jarri dute mahai gainean. "Torturaren biktimei, errekonozimendutik urrun, ezikusiarena egiten diete eta tratu txarra pairatzen dute. Auzitegiak ontzat ematen ditu autoinkulpazioak, eta horretan oinarritzen dira inputazioak eta zigorrak. Baina autoinkulpazio horiek nola egin diren kritikatzen dute nazioarteko erakundeek eta auzitegiek".

Bestalde, Oihan Ataunek esan du "oso pozik" dagoela Estrasburgok emandako ebazpenarekin, baina "aho zapore gazi-gozoa" geratu zaiola, "arazoaren muinari" heldu ez zaiolako.

Abokatuek azaldu dutenez, beste lau tortura salaketa ditu eskuartean Estrasburgoko Auzitegiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea