Politika -
Elkarrizketa digitala
Ertzaintza euskalduntzeko plana iragarri du Beltran de Herediak
Euskarari eskainitako aurrekontua bikoiztu egingo dute eta hizkuntza ikasteko edo hobetzeko liberatutako agente kopurua halako lau izango da.
Eider Garaikoetxea | eitb.eus
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak iragarri duenez, Ertzaintzaren baitan Euskara erabiltzeko lehen plana aurkeztuko dute bi aste barru. Internautek sare sozialen bidez egindako elkarrizketa digitalean eman du berria Beltran de Herediak. Azaldu duenez, euskal poliziaren baitan elebitasuna bultzatzeko neurriak hartuko dituzte, hala nola, euskarari bideratutako aurrekontua bikoiztuko dute eta hizkuntza ikasteko edo hobetzeko liberatutako agente kopurua halako lau izango da.
Beltran de Herediak topaketa digitala batean izan da gaur, eta herritarrek Facebooken, Twitterren eta Youtuben utzitako 20 galderari erantzun die 30 minutuz. Elkarrizketa zuzenean jarraitu ahal izan da Youtube plataformaren bidez. Gaurkotasunarekin lotutako galderei erantzun die sailburuak, besteak beste, Ertzaintzaren Lan Eskaintza Publikoaren kontrako helegitea, Ertzaintzaren berregituratzea edo kale indarkeria.
Noizko Ertzaintza euskalduna? itaunari erantzutean Ertzaintza euskalduntzeko plana iragarri du Beltran de Herediak. Erantzunaren lehen zatia euskaraz egin du eta barkamena eskatu du hizkuntza horretan ez mintzatzeagatik eta "oraindik ikasten" dabilela adierazi du. Azaldu duenez, Euskararen Erabilerarako Ertzaintzaren Lehen Plana aurkeztuko dute laster. Euskal poliziaren baitan elebitasuna bultzatzea du asmo planak eta, hala, hainbat neurri hartuko dituzte: euskarari bideratutako aurrekontua bikoiztuko dute eta hizkuntza ikasteko edo hobetzeko liberatutako agente kopurua halako lau izango da (egun 25 dira, eta 100 izatea nahiko luke sailburuak). Azpimarratu duenez, "egun ertzainen heren batek euskararen 1 edo 2 maila du" eta "oposiziogileen % 90 euskaldunak dira".
Hain justu, Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) harira ere galdetu diote Beltran de Herediari. Estatuko Abokatutzak helegitea aurkeztu du prozesuaren aurka, eskainitako plaza kopuruarekin ados ez dagoelako. Beltran de Herediak gogorarazi duenez, LEPa bi gobernuek "Segurtasun Batzordean" adostutakoaren baitan dago. 120 plazak bete behar direla azpimarratu du, eta hori horrela, honakoa agertu du: "Espero dut Abokatutzak helegitea kentzea edota honek aurrera ez egitea".
'Cabacas auzia' ere hizpide izan dute internautek euren galderetan. Sailburuak nabarmendu duenez, "ikerketa dago abian eta justiziari bere lana egiten utzi behar zaio". Beltran de Herediaren hitzetan, "gertatu zenaren kontakizuna egin behar da, zer, nola eta zergatik jazo zen jakiteko". "Laster argitzea espero dut", erantsi du.
Bizkaian izandako kale indarkeria kasuak ere mahai gainean izan dira elkarrizketan. Adierazi duenez, Ertzaintza "ez dago beste leku batera begira" baina, halakoetan, ikerketa ondo egitea garrantzitsua dela nabarmendu du: "ikerketak denbora behar du, lan nekeza delako", borobildu du.
20 galdera 129tik
#BeltránHerediaTopaketa etiketa baliatuz, irailaren 24tik galderak uzteko aukera izan dute sare sozialetako erabiltzaileek. Urriaren 5era bitarte, 129 itaun
proposatu zituzten eta 20 onenak bozkatzeko aukera izan da hiru egunez. Hain justu, horiei erantzun die Segurtasun sailburuak gaurko elkarrizketan.
Beltran de Herediak zuzeneko emanaldian erantzun ez dituen galderak Irekiaren webgunean erantzungo ditu, bai eta argitaratu ere, eta hedatu egingo dira Irekiaren sare sozialetako eta Eusko Jaurlaritzaren tresnetako erabiltzaileek ezagut ditzaten, Segurtasun Sailak ohar batean kaleratu duenez.