Politika -
Elkarrizketa
Bizkaiko EAJ eta Sortu harremanetan jarri direla baieztatu du Atutxak
Bi alderdiek "komunikazio bide bat irekitzea" adostu dutela adierazi du Euskadi Irratian Bizkai Buru Batzarreko presidenteak.
Erredakzioa
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Bizkaiko jeltzaleak eta Sortu harremanetan jarri direla baieztatu du, eta, “gutxienez, komunikazio bide bat irekitzea” erabaki dutela. Hala ere, Bizkaian ezker abertzaleak EAJrekin duen jarrera salatzen jarraituko dutela gaineratu du.
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek Atutxak. “Bi alderdiok aukera bikaina dugu erabakitzeko eskubidearen alde Eusko Legebiltzarrean indarrak batzeko”, adierazi du BBBko presidenteak. “Are gehiago, gizartearen batuketak Eskoziakoa edo Kataluniakoa bezalako prozesuei ematen dien bultzada aintzat hartuz gero”, erantsi du.
Bizkaian EAJren eta Sorturen arteko harremana hobetzeko aukera ikusten duela nabarmendu du Atutxak. “Uste dut, behintzat, komunikazio bide bat irekiko dugula. Garrantzitsua dela uste dut, hori baita bidea”, zehaztu du.
Bizkaiko jeltzaleen buruzagiak, baina, Bizkaian ezker abertzaleak jeltzaleen aurka duen jarrera salatu du.