Politika -
Aske gunea
Ertzaintzak Urtzi Martinez eta Jon Telletxea atxilotu ditu Deustun
Bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zieten bi gazteei, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean pintaketak egiteagatik. Beste bi pertsona ere atxilotu dituzte,ertzainen lana oztopatzea egotzita.
Erredakzioa
Ertzaintza Deustuko "Aske gunera" sartu da eta Urtzi Martinez eta Jon Telletxea gazteak atxilotu ditu. Gazteei bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zieten 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean pintaketak egiteagatik.
Urriaren 2an aurkeztu behar zuten kartzelan, baina desobedientziaren bidea hautatu zuten eta ez ziren aurkeztu. Geroztik, ezkutuan egon dira.
Gaur, ordea, bi gazteei babesa emateko Deustuko San Pedro plazan eraikitako Aske Gunera agertu dira 13:45ean. Martinez eta Telletxea San Pedro plazako kioskora igo dira, eta plazan bildutako lagunek inguratu egin dituzte.
Lehen momentutik "Grebalariak aske" plataformako kideek herri harresia egiteko asmorik ez zutela eta erresistentziarik ez zutela jarriko nabarmendu dute.
Segurtasun Sailetik esan dutenez, 15:00ak aldera atxilotu dituzte bi lagunak, epailearen agindua beteta, eta horiez gain, beste bi pertsona ere atxilotu ditu Ertzaintzak, agenteen lana oztopatzea egotzita.
Arratsaldean Basauriko kartzelan sartu dituzte bi "grebalariak" eta ertzainen lana oztopatzea egotzita atxilotutako beste bi lagunak aske gelditu dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera.