Politika -

Auzia, artxibatuta

Garitanok eta Izagirrek ez zuten deliturik egin Suarezen dolualdian

Urquijok deliturik izan ote zen ikertzeko eskatu zion Fiskaltzari, eraikin publikoetan ez zutelako masta erdian jarri bandera espainiarra.

Suarezen hiletako irudia. Argazkia: EFE
Suarezen hiletako irudia. Argazkia: EFE
Suarezen hiletako irudia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Fiskaltzak artxibatu du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen kontra zabaldutako auzia, biak buru diren erakundeen eraikin ofizialetan Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidente ohia hil ondoren Espainiako Gobernuak dekretuz agindutako bi eguneko doluarekin bat ez egiteagatik. Azalpenak eskatu eta gero, ezin da frogatu "araua urratzeko" helburua izan zutela, Fiskaltzaren ustez.

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak gutuna bidali zion martxoaren 26an Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiari, Izagirrek eta Garitanok prebarikazio edo bestelako deliturik egin ote zuten ikertzea eskatzeko, Gobernu zentralak dekretu bidez martxoaren 24tik 26ra ezarritako dolua bete ez zutela iritzita. 48 ordu horietan masta erdian jarri behar ziren Espainiako banderak erakunde ofizial guztien eraikinetan.

Horren aurrean, Fiskaltzak txostena egitea eskatu zion Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta Donostiako alkateari, dekretua ez betetzeko azalpenak eman zitzaten.

Europa Pressek ezagututako agirien arabera, Martin Garitanok maiatzaren 8an erantzun zuen, idatziz, eta, bere hitzetan, egun horretan "ezohiko egoera" bat izan zen, Estatuko Aldizkari Ofizial (EAO) bi plazaratu zituztelako, eta lehenengoan Suarezi hilondoko kondekorazio bat emango ziotela jaso zuten.

Gainera, ez zuen jaso dolu ofizialaren dekretua eta ez zioten "modu ofizialean dekretuaren berri eman". Hori dela eta, Garitanoren hitzetan, dekretua publikatu zenik ez zekienez, zaila zen "agindutakoa betetzea edo ez betetzea".

Halaber, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera, "zalantzazkoa" zen dolu ofizialeko dekretua "Estatuko Administrazio Zibileko eta Militarreko eraikinez gain" besteetan ere aplikatu behar izatea, Gobernuko presidenteak onartu zuelako, Gobernu Kontseiluak egin beharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea