Politika -
28 gazteren aurkako epaiketa
Segiko auzipetuen aldeko manifestazioa deitu dute Iruñean
Auzipetuak absolbitzeko eskatuko dute azaroaren 8an egingo den martxan.
Erredakzioa
Segiko kide direlakoan Auzitegi Nazionalean 28 gazteren kontra egiten ari diren epaiketa salatzeko eta auzipetuak absolbitzea eskatzeko manifestazioa deitu du Iruñerriko Herri Harresia taldeak azaroaren 8rako. Martxa Iruñean egingo da, Antoniutti parketik abiatuta eta 17:30ean hasita.
"Epaiketa honek ez du ez hanka ez bururik, epaiketa politikoa da, militante politikoek izan duten jarduera politikoa epaitzen ari dira", azaldu du Javier Esteban auzipetuetako baten aitak Iruñean egindako prentsaurrekoan.
Auzipetuen lagun eta senitartekoek lagunduta, Estebanek irakurri du oharra gaztelaniaz eta Maritxu Boliganaga Iruñerriko Harresiko kideak euskaraz. Bertan adierazi dutenez, mobilizazioak 28 gazteak absolbitzea eskatuko du. Fiskalak sei urteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat, legez kanpoko erakunde bateko kide izatea egotzita.
"Epaiketa hau ez zen inoiz egin behar, are gutxiago orain, bakearen eta prozesua konpontzeko pausoak eman behar diren honetan", esan du Estebanek.
"Laranjaz blaitu. Askatasun eta eskubide zibilen alde. Epaiketa politikorik ez. #28akereLIBRE" lelopean, Iruñeko Antoniuttiko parketik abiatuko da 17:30ean. Hain justu, manifestaziora laranjaz jantzita eta objektu laranjak aldean dituztela joateko eskatu diete deitzaileek herritarrei.