Politika -

Hondakinen Kudeaketa

Errazkin: 'Biltegiak ez du ez usainik ez lixibiaturik sortuko'

Ingurumen diputatuaren hitzetan, Osinbeltzen jarri nahi duten hondakinen biltegiak ez du ez usainik ez lixibaturik sortuko. Hori bermatzeko, Zestoako Udalarekin hitzarmen bat sinatzea proposatu dute.

Zestoako inerteen gordailuaren nondik norakoak

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Birziklatu ezin diren hondakinen biltegia Zestoan jartzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak; dagoeneko erabiltzen ez den Osinbeltz harrobira eramango dituzte, datorren urtetik aurrera, ez konposterako ez birziklatzeko ez diren hondakinak. Hala, Zubietan egingo duten plantatik (hondakinen tratamendu biomekanikorako egingo duten planta) ateratako materia eramango dute Zestoara.

Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatua Zestoako herritarrekin bilduko da gaur, egitasmoaren inguruko xehetasunak emateko eta zalantzak argitzeko. Euskadi Irratian eta ETBn egindako elkarrizketetan, Errazkinek esan du proiektu honen aurrean jendea kezkatuta eta urduri egotea normala dela. Horregatik, herritarrei "informazio zuzena" helaraziko dietela agindu du. "Normala da kezka izatea, urduri egotea. Herritarrei informazio zuzena emango diegu eta komunikazio zuzena irekiko dugu, beldurrak uxatzeko. Urduritasuna normala da. Datozen egunotan informazioa ematen joango gara, gardentasun osoz", zehaztu du.

Zestoako harrobia aukeratu izanaren arrazoiei buruz galdetuta, Ingurumen diputatuak erantzun du aztertutako eremuen artean "baldintza teknikoak egokien betetzen dituen" gunea dela. "Utzita dagoen harrobietatik handiena da, berreskurapen paisajistikorako beharrik handiena duena, eta, erdia baino gehiago jabetza publikokoa. Horrek, noski, kudeaketa errazten du", gaineratu du.

Biltegira eramango den materiak ez duela ez usainik ez lixibiaturik sortuko ziurtatu du; materia organiko guztia kenduko zaio hondakinari, eta, horrela,  Errazkinen hitzetan, ez du ez usainik ez lixibiaturik izango. Hori hala izango dela bermatzeko, Zestoako Udalarekin hitzarmen bat sinatzea proposatu dute, eta "usainak neurtzeko kontrola" Udalaren esku uztea.

Harrobiaren "berreskurapen paisajistikorako aukera ona" dela uste du diputatuak. Euren planak betetzen badira, datorren urtean jarriko da martxan egitasmoa, eta, "orain sortzen dugun hondakin kopurua kontuan hartuta", 15-20 urte bitarteko biziraupena izango du harrobiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea