Politika -

Katalunia

Alderdi independentistei batasuna eskatu diete ANCk eta Omniumek

Herritarren plataformen aburuz, batasuna "ezinbestekoa" da independentzia lortzeko. Mobilizazioei eutsiko dietela berretsi dute ANCk eta Omniumek.

Carme Forcadell eta Muriel Casal Kataluniako independentziaren aldeko ekitaldi batean. EFE
Carme Forcadell eta Muriel Casal
Carme Forcadell eta Muriel Casal Kataluniako independentziaren aldeko ekitaldi batean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako gizarteak egiten duen moduan, batuta egoteko deia egin diete Kataluniako alderdi independentistei Kataluniako Batzar Nazionala (ANC) eta Omnium Cultural erakundeek. Izan ere, ERCekiko haustura iradoki du Artur Masek gaurko agerraldian, eta horren kontura egin dute aldarrikapena herritarren plataformek.

"Batasuna apurtu egin dela esan du presidenteak, baina konpondu daiteke eta gu saiatuko gara egiten", esan du Carme Forcadell ANCko presidenteak Bruselan eskainitako prentsaurreko batean.

"Alderdi politikoek, gizarte zibilak ez bezala, ez dute asmatu batasunari eusten. Huts egin digute", adierazi du.

Azaroaren 9ko kontsultaren aldeko "Orain da ordua" izeneko kanpaina Europako Parlamentuan aurkeztera joan da Bruselara Forcadell, eta bertan egin ditu adierazpenak. Forcadellen esanetan, Kataluniako gizarte zibilak batuta egoten jarraituko du eta alderdiak ere halatsu egoteko lan egingo du, batasuna "ezinbestekoa" delako independentziaren aldeko prozesuari eusteko.

Katalunia Plazan iganderako deituta dagoen mobilizazioa bere horretan dagoela baieztatu du ANCko kideak, eta parte hartzeko deia egin die herritarrei.

"Katalunia independente bat lortzeko mobilizazioei eutsi behar diegu", esan du Forcadellek. Horren ildoan, "burua hotz eta hankak lurrean” eduki behar direla azpimarratu du, eta "oso une zailean gaude", erantsi du.

Muriel Casals Omnium Cultural erakundeko presidenteak, bestalde, baikor egoteko deia egin du: "Aurkaria oso boteretsua izanik ere, eta prozesua zaila eta luzea den arren, ezin dugu adorea galdu".

"Ilusioari eutsi behar diogu, hau ez da hemen amaitzen, ezta gutxiago ere", nabarmendu du Casalsek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur