Politika -

Alacanten

Nagore Mujika atxilotu dute, Villenako espetxean bisita egin ondoren

Antza denez, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak emandako agindu baten bidez atxilotu du Guardia Zibilak. Astelehenean pasatuko da epailearen aurretik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak Nagore Mujika ETAko kide ohia atxilotu du Villenako (Alacant) kartzelan, Juan Carlos Iglesias Chouzas 'Gadafi' bere senarrari bisita egin eta gero, terrorismoaren kontrako iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Etxeratek jakitera eman duenez, Nagore Mujika astelehenean eramango dute epailearen aurrera.

Aipatutako iturrien arabera, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio Epaitegi Zentraleko epailearen aginduz atxilotu du Guardia Zibilak, baina ez dute zehaztu zertan oinarritzen den bilatu eta atxilotzeko agindu hori. Barne Ministerioak baieztatu egin du atxiloketa, eta zehaztu du Morenoren aginduan oinarritu direla atxiloketa egiteko.

Mujika (48 urte) 2011ko otsailean atera zen presondegitik, armak eta lehergailuak izateagatik zortzi urteko kartzela zigorra bete eta gero. Frantziatik Espainiaratu zuten 2000. urtean.

Etxeraten salaketa

Etxerat presoen senideen elkartearen iritziz, Nagore Mujikaren atxiloketa "zentzugabekeria itzela, eta ikuskizun neurrigabe eta krudela izan da".

Salatu duenez, atxiloketaren unean Nagore Mujika haren sei urteko alabarekin zegoen, Euskal Herritik 700 bat kilometrotara, euskal preso politikoei mendeku gisara ezartzen zaien dispertsio politikak eraginda. "Etxetik urrun zegoela eta alabarekin batera 700 kilometroko bidaia hasi behar zuenean atxilotu du Guardia Zibilak", kritikatu du.

Nagore Mujika zergatik atxilotu duten eta atxilotu beharrean epailera aurrera aurkezteko deitzearekin nahikoa ez ote zen galdegin du Etxeratek. "Zergatik asteburuan? Zergatik ez dute saihestu nahi izan atxiloketaren unean sei urteko alaba bertan izatea? Zer bilatzen ari dira senideen kontrako indar gehiegikeria guzti honekin?", galdetu du Etxeratuk.

Etxeratek erabateko babesa eta elkartasuna eskaini die Nagore Mujikaren senideei eta lagunei.

Sorturen salaketa

Nagore Mujikaren atxiloketa salatu du Sortuk, eta berehala askatzeko exijitu du. Era berean, alderdi politikoek elkartasun osoa adierazi die Mujikaren senide eta lagunei.

Sortuk bere kezka adierazi du, susmoa baitu ez ote gauden mendekuan oinarrituriko sumarioak fabrikatzeko maniobra baten atarian. Eta esan du atxiloketa honek Estatu espainiarrak euskal herritarrentzat duen eskaintza bakarra zein den ikusarazten duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskadi Ta Askatasuna albisteak