Politika -
Memoria historikoa
Rafael Sanchez Mazas falangistaren izena Bilboko kaleetatik kendu dute
Falangearen sortzailea eta Francoren ministroa izan zenaren izenarekin dauden plakak kentzeko agindua sinatu du hiriko alkateak. Plakak Kasilda pasealekuan zeuden.
Erredakzioa
Rafael Sanchez Mazas falangistaren pasealekuari izena kendu dio Bilboko Udalak. Memoria historikoa berrekuratzeko lan egiten duen kolektibo batek salaketa aurkeztu zuen eta epaitegiek arrazoia eman diote.
Sanchez Mazas izena duten plakak kentzeko agindua sinatu du Ibon Areso alkateak, Udalak agiri batean jakitera eman duenez. Plakak Kasilda pasealekuan zeuden.
2013ko otsailean, Lau Haizetara Gogoan kolektiboak Udala auzitara eraman zuen Memoria Historikoaren Legean (2007) babes hartuta; izan ere, “udalak eta erakundeak ikur frankistak kentzera behartzen ditu arauak”.
1936ko altxamendu militarra eta ikur frankistak Bilboko kaleetatik desagertzea eskatu zuen kolektiboak salaketan. Besteak beste, “Jaungoikoaren eta Espainiaren izenean borrokan hildakoak” gogorarazteko hilerrian dagoen plaka kentzea, eta baita diktadura goraipatzen duten idazpuruak eta Francoren garaiko alkateen koadroak ere.
Falangearen sortzailea eta Francoren ministroa
Rafael Sanchez Mazas Falangearen sortzailea eta Francoren ministroa zenaren plakak kentzea onartu zuen administrazio-auzitarako epaitegiak urriaren 9an.
Bilboko Sanchez Mazasen alderdi kulturala eta literarioa gogorarazi nahi zuela argudiatu zuen Udalak plakak ez kentzeko, baina alde artistiko hori “bere ibilbidean” esanguratsua ez dela erabaki du epaileak. Gainera, Cara el sol ereserki falangista konposatzen lagundu zuela azaldu du magistratuak epaian.
Lau Haizetara Gogoan kolektiboaren gainerako asmoak atzera bota ditu epaitegiak.
Horrela, uztarri eta geziak dituzten plakak Etxebizitza Institutu Nazionalak Francoren garaian egindako eraikuntzetatik kentzea errefusatu du ebazpenak. Eraikin pribatuak dira eta “udalaren eskumenetik at” daudela gogorarazi du epaitegiak.
Armarri frankista
Era berean, Udalak Moyua Plazako Ogasun eraikinaren fatxadan dagoen armarri frankista kentzeko eskumenik ez duela erabaki du magistratuak.
Azkenik, demokratikoki hautatu ez zituzten alkateen irudiak udaletxetik kentzeko eskakizuna arbuiatu du epaileak.