Politika -
Udal eta foru hauteskundeak
Irabazi Euskadi ekimena aurkeztu dute
Oraingoz, Bilbon eta Gasteizen soilik dituzte antolatutako taldeak.
Erredakzioa
Ezker Anitza-IUk, Equok eta Alternativa Republicana alderdiek Irabazi Euskadi "ekimen sozial eta politikoa" aurkeztu dute gaur 2015eko udal eta foru hauteskundeei begira.
Guanyem Barcelonaren eta Espainiako hainbat hiritan sortutako ekimenaren jarraipena da Irabazi Euskadi, Ada Colau Hipotekek Kaltetutako Plataformaren (PAH) bozeramaile ohiarena, hain zuzen ere.
Bilbon emandako prentsaurreko batean aurkeztu du ekimena Isabel Salud Ezker Anitza-IUren koordinatzaileak.
Argi adierazi nahi izan du ekimena ez dela alderdi ezkertiarren koalizio bat, eta helburua maiatzeko hauteskundeetatik "harago" joatea dela. "Herritarren bloke politiko bat sortu nahi dugu, kapitalaren mende dauden alderdien alternatiba bat", gaineratu du.
Saluden esanetan, "behetik gora" egingo dute lan, eta tokian tokiko taldeek "erabateko askatasuna" izango dute izaera juridikoa eta programa erabakitzeko, baina Irabazi-ren fundaziorako "printzipio ezkertiarretatik" abiatuta.
Oraingoz, Bilbon eta Gasteizen soilik omen dituzte antolatutako taldeak, eta alderdi politikoak izango dira gainerako udalerri eta hirietan ekimenaren sorkuntzaz arduratuko direnak.
"Bilbon eta Gasteizen osatu ditugu taldeak oraingoz, eta alderdiak izan gara ekimena hartu dugunak, baina jende gehiagok bat egiten duenean, baztertu egingo gara", esan du Monika Monteagudo Equoren ordezkariak.
"Ez dugu inorekin konfrontazioan sartu nahi, jendearen protagonismoa nahi dugu, boterea herritarrek hartzea", adierazi du Saludek, Podemoseko kideekin harremanetan daudela jakinarazi aurretik.