Politika -
Ebazpena
Barcinari tartak botatzeagatik ezarritako zigorra berretsi du Gorenak
Hala, auzipetutako hiruri bina urteko espetxe-zigorra ezarri diete eta bati utebetekoa. 2011ko urrian, Pirinioetako Kontseiluaren ekitaldi batean, Tolosan, jaurti zizkioten hiru tarta Barcinari.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari hiru tarta aurpegira jaurtitzeagatik Gorka Ovejero, Julio Martin Villanueva eta Ibon Garcia Garrido ekintzaileei ezarritako bina urteko espetxe-zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak, gaur kaleratu duen ebazpenean. Ovejero Arruazuko zinegotzi ohia da eta beste biak Mugitu! plataformako kideak. 2011ko urrian jaurti zizkioten hiru tarta Barcinari, Akitaniako Tolosan, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorraren ekitaldi batean parte hartzen ari zenean.
Mikel Alvarez Forcadarentzat, berriz, urtebeteko kartzela-zigorra berretsi du epaileak. Ebazpenean jasotzen denez, Alavarezek tartak zuzenean jaurti ez bazituen ere, beste hiru lagunei babesa erakutsi zien. Laurek 900na euroko kalte-ordaina eman beharko diote Barcinari.
Lehendabiziko sententziari auzipetuek jarritako helegitean errugabetasun printzipioa aintzat hartzeko eskatzen bazen ere, Auzitegi Goreneko epaileak uste du zigortutakoek ekintza hartan parte hartu zuten froga nahikoa badagoela, tartean, Mugitu! plataformak zabaldu zuen bideoa.
Bestalde, Frantzian ikertutako eta artxibatutako auzi bat zela argudiatu zuen defentsak, baina hori ere atzera bota du Gorenak. Epailearen arabera, Espainiako Estatuan auzi bera ikertzea eskatu zelako artxibatu zuen Frantziako Fiskaltzak auzia han.