Politika -
Nafarroa eta Iparraldea
'Euroeskualdea' sortzearen alde agertu da Urkullu
Mexikora egiten ari den bidaia ofizialaren baitan, bertako Euskal Etxeko kideekin bildu da lehendakaria.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Nafarroarekin eta Iparraldearekin batera ‘euroeskualde’ bat sortzearen aldeko apustua egin du, bertako herritarrek “hala nahi izanez gero”.
Mexikora egiten ari den bidaia ofizialean egin ditu adierazpen horiek lehendakariak. Urkullu Mexikoko Euskal Etxeko ordezkariekin bildu da.
Gobernuak Euskadirentzat “estatus politiko berri bat” eskatzen duela gogoratu du lehendakariak. “Hitzarmen horretan subiranotasun partekatuaren kontzeptua jaso behar da eta Euskadi Europako nazio dela aitortu”.
Estatus berri horrek “Nafarroarekin eta Iparraldearekin, gure anaiekin, elkarlanean aritzeko aukera” jaso beharko lukeela uste du Urkulluk, eta “hala nahi izanez gero, euroeskualde bat osatu”.
ETAren amaiera ere hizpide izan du, eta “gizartean zauri sakonak” utzi dituela gaineratu du. “Frankismoak, terrorismoak, legezkoak ez diren terrorismoaren aurkako ekintzak eta polizia gehiegikeriek eragindako trintxera politikoak gainditzearen” alde ere agertu da. “Hori guztia memorian, egian, errekonozimenduan, autokritikan, justizian eta konponketan oinarituta" egin ahal izatea espero du.
Indarkeriak Euskadin utzitako “zauri sakonak” sendatzeko “denbora” beharko dela azpimarratu du Urkulluk.
2015eko udazkenean Gasteizen egingo den euskal taldeen Munduko Batzarra “bakean egingo den lehena” izango dela nabarmendu du.