Politika -

Kataluniako prozesua

Katalunia osoa, Auzitegi Konstituzionalari begira

Auzitegi Konstituzionala hasi da Espainiako Gobernuaren helegitearen inguruan eztabaidatzen, eta osoko bilkura hiru egunekoa izango bada ere, gaur bertan hartuko dute erabakia.

Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EiTB
Auzitegi Konstituzionala.
Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionala osoko bilkura egiten ari da gaur hasi eta osteguna arte, eta bertan erabakiko du tramitera onartzen duen Espainiako Gobernuaren helegitea, Generalitateak azaroaren 9rako deitu duen kontsultaren kontra.

Osoko bilkurak hiru egun iraungo duen arren, gaur bertan erabakiko dute kontsulta alternatiboaren kontrako helegitea onartu ala ez.

Espainiako Gobernuaren helegitea onartuz gero, azaroaren 9ko galdeketa bertan behera geratuko litzateke behin-behinean, hala agintzen duelako Konstituzionalaren lege organikoak.

Rajoyren gobernuak aurreko ostiralean erabaki zuen Konstituzionalera jotzea, "zuzenbide-estatua eta demokrazia babesteko", Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak azaldu zuenez.

Azaroaren 9ko galdeketaren kontra aurkezten duten bigarren helegitea da. Lehenengoa onartu egin zuen Konstituzionalak, eta, ondorioz, bertan behera geratu ziren Kataluniako Kontsulten legea eta bozketa deitzeko dekretua.

Horren aurrean, Artur Masen Generalitateak kontsulta alternatiboa proposatu zuen igande honetarako.

Konstituzionalaren zain

Konstituzionalak galdeketa bertan behera uztea erabakitzen badu ere, deialdiari eusteko eskatu dio Kataluniako Batzar Nazionalak (ANC) Generalitateari. Hala ere, Joana Ortega ANCren bozeramaileak adierazi du % 100ean ezin dela ziurtatu datorren igandean boto-kutxak jarriko dituztenik.

"Gure borondatea zein den badakizue", adierazi du Artur Mas Kataluniako presidenteak Bartzelonako ekitaldi batean. Horrela, galdeketa egiteko borondatea berretsi du Masek. Era berean, "erakundeen arteko lankidetza" eskatu du presidenteak.

Josep Rull Convergència Democràtica de Catalunya taldeko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, Konstituzionaletik bertan behera uzteko agindua badator, azaroaren 9a "Espainiako demokraziaren lotsaren eguna" izango da.

Konstituzionalaren erabakiek Kataluniari ez eragiteko independentzia aldarrikatu du Oriol Junqueras ERCko presidenteak: "Auzitegi Konstituzionalak esandakoak sekula gehiago eraginik ez izateko independentzia nahi dugu".

ERCk gonbidapena egin die independentziaren aurka daudenei: botoa emateko eskatu die, "ezezkoak ere balioko duelako" datorren igandean.

Alicia Sanchez Camacho popularrak, bestalde, "legea urratzen badu", Artur Masek "ondorioak" jasan ditzakeela ohartarazi du.

Esther Niubo PSCko bozeramaileak iragarri duenez, sozialistek proposamena egingo dute kontsultaren biharamunean Kataluniako egoerari irtenbide bat emateko, baina ez du xehetasunik eman. Alderdiaren bi proposamen nagusietan oinarrituko da, Niuboren hitzetan: Konstituzioaren erreforma eta kontsulta guztiak legezkoak eta adostuak izan behar dira.

Bertan behera ez geratzea eskatu du Generalitateak

Bestalde, Kataluniako Generalitateak idatzi bat aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, azaroaren 9ko kontsulta alternatiboa ez baliogabetzea eskatzeko. Izan ere, Artur Masen Exekutiboak argudiatu duenez, "Espainiako Gobernuak baliogabetutako kontsultaren jarraipena dela uste badu", aurreko kontsulta debekatzeko publikatutako epaia gauzatzea eskatu beharko zukeen.

Francesc Homs Presidentetza kontseilariaren esanetan, Espainiako Gobernuak "botere abusua" egin du kontsulta berriaren aurka eginda, eta Generalitatearen eskuduntzak urratu ditu.

Generalitateak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak beste helegite bat aurkeztu baino gehiago, aldez aurreko epaia ezartzea eskatu beharko zukeen. "Hori Zuzenbideko lehen mailako ikasle batek ere badaki", adierazi du kontseilariak.

Horren ildotik, helegite berria aurkeztuz, Rajoyren gobernuak kontsulta alternatiboa "automatikoki bertan behera geratzea" nahi duela zehaztu du Homsek.

"Espainiako Gobernuak botere abusua egin du", ohartarazi du kontseilariak, mugimendu horrekin Generalitatearen alegazioak galarazi nahi dituela uste baitu.

Ultraeskuindarren boikota

Bestalde, azaroaren 9ko kontsultaren alde dauden Kataluniako alderdi politikoetako ordezkariek euren jarrera azaldu dute Madrilgo Ateneon. Falange eta Aliantza Nazionaleko ultraeskuindar talde bat ekitaldiari boikot egiten saiatu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma Espainiako Auzitegi Konstituzionala