Politika -

Kataluniako prozesua

Bertan behera utzi du Konstituzionalak A9ko kontsulta alternatiboa

Aho batez onartu dute epaileek bertan behera uztea, badaezpadako neurri gisa, Gobernuak deialdiaren kontra aurkeztutako helegitea onartuz.

Kataluniako kontsulta berria baliogabetu du Konstituzionalak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du, badaezpadako neurri gisa, Generalitateak azaroaren 9rako deitutako kontsulta alternatiboa, Espainiako Gobernuak deialdiaren kontra aurkeztutako helegitea aintzat hartuta.

Erabakia behin-behinekoa da, ez dakar horren atzean dagoen auziaren gaineko iritzirik, eta epaimahaiak laster erabaki beharko du behin-behineko debeku hori luzatzen duen, bost hilabeteko epea bukatu baino lehen, edo bertan behera uzten duen.

Espainiako Gobernuak berak eskatu du kontsulta alternatiboa eta Generalitatearen bestelako ekintzak (funtzionarioei kolaboratzea eskatu izana, esaterako) bertan behera uztea, horiek guztiak lehenengo deialdiaren parte zirela iritzita. Irailaren 29an bertan behera utzi zituen Konstituzionalak.

Horiek horrela, bigarren aldiz egin du Gobernu zentralak Kataluniako kontsultaren kontra Konstituzionalean, eta bigarren aldiz onartu du Auzitegiak helegitea, deialdia bertan behera utzita.

Deialdian ez ezik, Generalitateak antolatutako ekitaldi guztiei ere eragingo die erabakiak. Gainera, Mariano Rajoyren gobernuak urriaren 31n eskatu zuenez, egun horretatik aurrera indarrean balego bezala jokatu behar dute.

Auzitegiak Gobernuaren helegitea onartzeak berehala ekarri du bertan behera uztea, badaezpadako neurri gisa, Konstituzionalaren horrelakoak epaitzeko duen lege organikoak hala esaten duelako, Gobernuak eskatuz gero.

Edonola ere, helegitea onartzeak eta behin-behinean bertan behera uzteak ez luke auzitegiak etorkizunean hartuko duen erabakian eragin beharko, gaia sakon aztertu behar duelako, ebazpena hartu baino lehen.

Aurreko ostiralean erabaki zuen Gobernu zentralak Generalitatearen deialdiaren kontrako helegitea aurkeztea Auzitegi Konstituzionalean, eta, Soraya Saenz de Santamaria Gobernu espaniarreko presidenteordeak azaldu zuenaren arabera, helegitea “zuzenbide-estatua eta demokrazia babesteko” jarri dute.

Bestalde, Generalitateak Auzitegi Konstituzionalean salaketa jarri zuen atzo A9ko kontsulta alternatiboa bertan behera utz ez zezan, baina Auzitegiak ez du salaketa onartu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniaren independentzia