Politika -
Bartzelonatik postalak
'Ja sóc aquí'
Maddalen Iriarte kazetariak Bartzelonatik bere "postalak" bidaliko dizkigu hemendik eta igandera. Iritsi eta lehenengo kontaktua taxilaria izan da Iriarterentzat. Bidean, kontsultaz aritu dira.
Maddalen Iriarte / ETB
"Ja sóc aquí". Horixe aldarrikatu zuen Josep Tarradellas, Generalitateko lehenengo presidenteak, Sant Jaume Plazan bildutako pertsonen aurrean: "Ciutadans de Catalunya, ja sóc aquí". Frankoren diktadurak bultzatu zuen erbestetik, Frantziatik itzuli zenean esan zituen hitz ezagun horiek. Esaldia historikoa bilakatu da Kataluniako herriaren etapa beltz bati amaiera jartzen ziolakoan.
Gu ere hemen gara, Kataluniako herriak bere gertuko historiaren unerik garrantzitsuenak biziko dituen egunotan.
Iritsi eta lehenengo kontaktua, taxilaria izan da. Berak esan digu katalana dela jaiotzez, baina bera espainola ere badela.
Jarraitu du esanaz (isildu gabe aritu da eta), edozein kasutan, berak igandean botoa emango duela zalantzarik gabe. Ea zer uste duen Espainiako Gobernuak, ea Espainia osoak erabaki behar al duen bere etxeko fatxada gorriz pintatzea erabakitzen badute, ea Wert Legea ez zaigun eskandalagarria iruditzen.
Bere ustez, nori bururatzen zaio guraso batzuk euren seme-alabek katalanez ikastea nahi ez badute haiei propio eskola aurkitzea eta pribatua bada denok ordaintzea.
Jaume Matas hirugarren graduan egotea ere gaizki iruditu zaio eta ustelkeriaz zer esan... Eta guztia jakin nahi baduzue, hoteleko kaletik apur bat pasa egin da. Barkamen esketan agurtu gaitu.
Une horretan hasi da cassolada. Zarata nonahi gaueko 22:00etan hasita. Bezeroren batek errezepziora deitu eta ingelesez adierazi diote zer zen. Cassolada nola esan ez du asmatu hoteleko langileak. Ea zerbait bururatzen ote zaigun esan digu eskegi duenean.
Biharko plana aztertzen ari gara. Mas presidenteak “Pacte Nacioal pel Dret a Decidir” bilduko du Kataluniako parlamentuan. Han izango gara. Handik berri gehiago zuzenean.