Politika -
Armiarma Operazioa
Aske utzi dituzte interneten terrorismoa goratzeagatik atxilotutakoak
11 lagun atxilotu zituen atzo Guardia Zibilak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan. Estatuko beste erkidego batzuetan zortzi lagun atzeman eta bi adingabe inputatu zituzten.
Erredakzioa
Interneten, sare-sozialak erabilita, terrorismoa goratzeagatik atzo atxilotutako 19 gazteak karguekin aske utzi dituzte, poliziaren aurrean deklaratu ondoren. Denek Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute.
11 lagun atxilotu zituen atzo Guardia Zibilak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan. Estatuko beste erkidego batzuetan zortzi lagun atzeman eta bi adingabe inputatu zituzten.
EAEn bederatzi pertsona atzeman zituzten: zazpi Bizkaian (tartean bi adingabe), eta bana Araban eta Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, bi atxiloketa egin zituzten.
Gainerakoak erkidego hauetan egin zituzten: Madril, Katalunia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Andaluzia, Galizia eta Valentzia.
Atxilo hartutakoek ez zuten elkar ezagutzen. Sare-sozialetan, Twitterren eta Facebooken batez ere, "atentatu terroristetako biktimen kontrako mezu iraingarriak eta erakunde terroristen aldeko mezuak idaztea" egotzi diete.
Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak agindu zuen operazioa, eta atxilotuek Gomez Bermudezen aurrean deklaratu beharko dute