Politika -

Bartzelonatik postalak

Mazedonia

Maddalen Iriarte ETBko kazetariak Bartzelonatik bidali digun bigarren "postalak" ANCk eta Omnium Culturalek 'Ara es l'hora' kanpainari amaiera emateko ekitaldia du ardatz.

Monjuitc mendiaren oinetan amaitu da 'Ara es l'hora' kanpaina. Argazkia: EFE
Ara es l'hora kanpaina amaiera EFE
Monjuitc mendiaren oinetan amaitu da 'Ara es l'hora' kanpaina. Argazkia: EFE

Maddalen Iriarte | ETB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Monjuitc mendiaren oinetan amaitu da “Ara es l'hora” kanpaina. Duela urtebete hasi zuten Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) eta Omnium Culturalek eta igandeko galdeketaren edo prozesu parte hartzailearen bezperatan amaitu dute milaka pertsona bilduz.

Kanpainaren sustatzaileek parte hartu dute azken ekitaldi jendetsu, koloretsu eta jai girokoan. Globoak, argi hori eta gorriak Monjuitceko iturriak koloreztatuz, dron bat irudiak hartzen, su artifizialak, denetarik.

Muriel Casals Omniumeko presidenteak ekin dio eta Carme Forcadell indartsuak, ANCko presidenteak amaitu du behin eta berriz errepikatuz “bozkatu egingo dugu”; “baietz edo ezetz baina bozkatu egingo dugu”. Gauza gehiago ere esan ditu “Kataluniako errepublika” bat nahi dutela adibidez, edo “ez dugu independentistak izan nahi, independenteak baizik”.

Kanpaina sustatu duten guztiek hartu dute parte eta emakume batek esan du Katalunia mazedonia bikain bat dela. Fruitu ezberdin gozoz osatutakoa mazedonia ederra eta nahasketa hori aldarrikatzen dutela. Ondoren galdeketa babestu duten alderdietako ordezkariak igo dira oholtzara.

Ongi adierazita geratu da prozesu honek aurrera egiteko izan duen bidea. Herritarrak, gizarte zibila, eta ondoren alderdi politikoak elkarrekin.

Kataluniako Erabakitzeko Eskubidearen Itun Nazionalak hartutako erabakiaren parekoa. Galdeketa, aurreko egunetan boluntario izan nahi dutela esan duten milaka herritarren esku utzi dute eta hautestontziak Kataluniako Gobernuak jarriko ditu.

Nolanahi ere garrantzitsua da Kataluniako gobernuak prozesuaren buru egiteari ez muzin egitea, prozesuan, muturreraino parte hartzea eta hori da Artur Masek bilera amaitu eta bazihoala esan duena: “Ezer ez da aldatu”. Gobernua prozesuaren buruan dago, herritarrak dauden bezala eta guztiek Katalunia osatzen duten herritar guztiei, mazedonia eder hori osatzen dutenei mezu nagusi bat igorri diete: “Bai ala ez baina bozkatu”. Monjuitceko oholtzan ikusi dugun gauza bera.

Hau ez da amaitu. “Ara es l'hora” esan dute orain arte, hemendik aurrera “Fem un pais Nou” esango dute:  Eraiki herri berri bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur