Politika -

Kataluniako prozesua

Erkoreka: 'A9a erreferentea da baina ez dugu zehatz-mehatz jarraituko'

Artur Mas eta Kataluniako herritarrak zoriondu ditu Jaurlaritzako bozeramaileak, “emaitza bikainak” lortu baitituzte.

Erkoreka: 'Kataluniako kontsulta lehenbiziko urratsa izan dadila'

0:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak katalanak eta Artur Mas presidentea zoriondu ditu atzoko bozketan izandako “arrakasta” dela eta. Kataluniako bozketa “erreferentea” da Euskadirentzat, Erkorekaren hitzetan, baina ez “zehatz-mehatz jarraitu beharreko eredua”, Euskadi eta Katalunia “errealitate ezberdinak baitira”.

2,2 milioi katalanek hartu zuten parte atzo A9ko bozketan, eta horien % 80,72k independentziaren alde egin zuten. Generalitatearen ustez, ekimen “arrakastatsua” izan zen, eta Espainiako Gobernuaren iritzian, berriz, “iruzur bat” besterik ez zen izan.

Jaurlaritzako bozeramaileak Artur Mas eta Kataluniako herritarrak zoriondu ditu “emaitza bikaianak” lortu baitituzte, eta bozketa “modu baketsuan” egin zutela azpimarratu du, “jarri nahi izan zizkieten traba guztien gainetik”.

Kataluniako galdeketa Euskadirentzat “erreferente” izan den galdetu diote Erkorekari, eta bozeramaileak azpimarratu du katalanek euren etorkizuna erabakitzeko duten borondatea erakutsi egin dutela.

Euskadin ere, “babes handia” duen “antzeko mugimendua” badagoela esan du Erkorekak, baina “planteamendua eta esparrua erabat ezberdinak dira”, horren aburuz.

“Katalunia eta Euskadiko errealitate politiko, historiko eta soziologikoak ezberdinak dira oso. Erreferentea izan liteke, bai, baina ez zehatz-mehatz jarraitu behar dugun eredua. Euskadin gure bide propioa egin behar dugu”, gaineratu du.

Katalunian “kontsulta legal eta adostua” lortzeko, Espainiako Gobernuak “txip aldaketa” egin beharko duela ohartarazi du Erkorekak. “Rajoyren Exekutiboaren inplikaziorik gabe, ezinezkoa izango da legezkoa, behin betikoa eta adostua den galdeketa bat egitea”, esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Eusko Jaurlaritza berriak Kataluniako erreferenduma gaur